Prentsa oharrak

Prentsa Oharren banner

Musika tresnen bidalketa solidarioa Siriako Kurdistanera

Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkarteak bildutako tresnak Siriara eramango dituztenei agur egiteko ekitaldian izan da alkatea.

 

Gaur eguerdian aterako da Gasteiztik musika tresnen II. bidalketa solidarioa Siriako Kurdistanera, Mugarik gabeko Musikari Solidarioak elkarteak antolatutakoa; Jesús María Alegría ´Pinttu´ da horren buru. Gasteizko alkate Gorka Urtaran Siriara bidaiatuko duten pertsonei agur egiteko ekitaldi xumean izan da; herritarrek dohaintzan emandako musika-tresnez betetako furgoneta batean joango dira.

Elkarteak bildutako musika-tresnek ia tona bat pisatzen dute, eta Estatu Islamikoak bahitutako emakumeei arreta ematen dien musika-eskola batera eramateko asmoa dute. Goizean goiz bukatu dute elkarteko boluntarioek furgoneta kargatzen; orain arte Simon Bolibar plazako lokal batean gorde dira instrumentuak. Ondoren, musika emanaldi laburra egin dute Gasteizko Mugarik Gabeko Musikarien musika-eskolako kideek eta Gani Mirzo musikari kurduak, zeina Gasteizko elkartearen ordezkaria baita Ekialde Ertainean.

Ekitaldiari amaiera emateko, Mikel Delika musikari gasteiztarrak —duela gutxi Urrezko Zeledona jaso du— “Agur jaunak” jo du, eta alkate Gorka Urtaranek eta alkateorde Iñaki Gurtubaik hiriaren bandera bat eman diote Gani Mirzori, Gasteizen elkartasunaren ikur gisa.  Tresnak Mirzo&Music Center zentrora —Khanasore (Siriako Kurdistan)— eramango dituzte, bertan Estatu Islamikoak bahitutako emakumeei errehabilitazio terapeutikoa eskaintzen baitiete. Gasteizko GKEak antolatzen duen bigarren bidalketa da. Lehena Siriako umeentzat izan zen, gerraren soinuak ahantz zitzaten.

Mugarik Gabeko Musikariak elkartea irudiak grabatzen ari da dokumental bat egiteko asmoz, tresnak jasotzen direnetik Sirian entregatu arte. Aurreko bidalketan ere grabatu zuten dokumental bat, zeinarekin sariak irabazi baitituzte aurkeztu duten giza eskubideen jaialdi guztietan.

 

 

 

Share

Alkateak Ajebask elkartea hartu du


Gorka Urtaran alkateak Arabako Enpresari Gazteen Elkarteko (Ajesbask) zuzendaritza batzorde berria hartu du gaur udaletxean.
Juan Carlos Garcia presidenteak batzarreko gainerako kidearekin izan da: Joaquin Saez, Blanca Palacios, David Arteaga, Iñigo Diez eta Priscila Garcia.

Share

Lehiaketara atera du Udalak Iturritxu kalean 101 lekuko aparkaleku berri bat eraikitzeko proiektua

 

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek gaur goizean iragarri du Iturritxu kalean 101 lekuko aparkalekua eraikitzeko kontratua leihaketara ateratzea adostu duela Gobernu Batzarrak. Iturritxu kalean jarriko da, Gasteizko Portuko sarreraren ondoan, A2124 errepidearen ondoan. Azpiegitura hori joan den astean iragarritako Asfaltatze eta disuasio-parkinen Planaren barruan dago, eta Adurtzako bizilagunei eta beste udalerri batzuetatik hirira datozen pertsonei emango die zerbitzua. “Adurzako bizilagunei, elkarteari eta Olarizuko kontseiluari emandako hitza betetzen dugu, inguru hau aparkaleku gehiagoz hornitzeko”, azaldu du alkateak. Lanek sei hilabetetako epea izango dute.

423.663,82 euroko inbertsioa egingo da, eta Gasteizko lehen aparkaleku “naturalizatua” izango da. Zehazki, Iturritxu kalearen eta A2124 errepidearen artean dagoen lursail berde batean sortuko da, Lidl supermerkatuaren ondoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aparkaleku berezia diseinatu du, paisaia-integrazioaren aldetik sentiberatasun handikoa.

Lau aparkaleku multzo osatuko dira berdegune baten barruan, 3.000 metro koadroko azalera batean orotara 101 leku sortuz.  Plaza horietatik 3 mugikortasun urriko pertsonentzat bakarrik izango dira, eta lauk karga elektrikoko puntuen aurreinstalazioa izango dute. Lekuak 4,75 metro luze eta 2,40 metro zabal izango dituzte. Mugikortasun murriztua dutenentzat izango direnak, berriz, 4,50eko luzera eta 3,70eko zabalera izango dute.

Autoek belar-lauzen gainean aparkatuko dute, eta ibilgailuek zirkulatzeko bideak baino ez dira asfaltatuko. Iturritxutik sartuko dira. Gainerako zatia lorategi itxurakoa izango da, putzu txikiz hornitua (euri-urak hartzeko), eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, ingurunearen biodibertsitatea kontuan hartuz. Izan ere, Olarizuko lorategi botanikoaren ondoan dago azpiegitura berria. ‘Led’ teknologian oinarritutako argiteria sistema berria ere jarriko da aparkaleku berrian.

 

Share

Aldabe eta Ibaiondoko gizarte-etxeetan kautelazko neurri gisa itxitako igerilekuak irekiko ditu atzera Udalak

Aldabeko gizarte-etxeko bi igerilekuak eta Ibaiondoko gizarte-etxeko igerilekuetako igeriketa-ontzia irekiko ditu atzera Udalak gaur goizean. Joan den asteazkenean —uretan ohiko neurrietatik kanpoko parametro mikrobiologikoak antzeman zirelarik— itxi ziren hiru instalazioak dira. Neurri zuzentzaileak aplikatu ondoren igerileku horietan egin diren analisiek aldeko emaitza eman dute, eta, beraz, uraren kalitatea normaldua delarik, berriro irekitzeko moduan daude.

Kautelazko neurri gisa atzo itxi ziren hiru igerilekuen kasuan —Mendizorrotzeko igerileku estalietako ontzi txikia, Salburuko gizarte-etxeko igerilekuetako ontzi handia eta San Andres kiroldegiko igerilekuetako ontzi txikia—, behar izan ziren neurri zuzentzaileak ezarri ondoren hartutako laginekin laborategian egindako emaitzak ikusteko daude oraindik.

Hizpide hartu ditu jarduera horiek Gasteizko alkate Gorka Urtaranek, eta hala nabarmendu du: “segurtasuna bermatzen duten protokoloak ditu Udalak, uraren kalitatearen etengabeko kontrolean oinarrituak, eta horrek aukera eman digu egoera hori detektatzeko eta gertatu zen unean bertan erreakzionatzeko”.

Share

Alkateak 4 milioi euroko plan bat aurkeztu du Gasteizko asfaltatzea eta disuasio-aparkalekuak hobetzeko

Udalak Mendizabaleko zoladura eraberrituko du, eta aparkaleku “naturalizatu” berria sortuko du Iturritxu kalean, 100 leku baino gehiagorekin

 

Asfaltatze eta aparkaleku plana 2021

Gasteizko alkate Gorka Urtaranek hiriko asfaltatzea eta disuasio-aparkalekuak hobetzeko plan bat aurkeztu du gaur goizean. Orotara 4 milioi eurotik gorako inbertsioa ekarriko duten zenbait ekimen dira, ibilgailu pribatuen erabiltzaileei zerbitzu ematen dieten azpiegiturak hobetu eta sortzeko. “Jarduketak hiriko auzoetako bide garrantzitsuetan egingo dira, baita aparkalekuetan ere, hala nola Mendizabalean eta Iturritxu kalean sortuko den berrian“, azaldu du alkateak. “Hiritarren eskaerei erantzuten diegu”, esan du Gorka Urtaranek.

Bi jarduera-ildo ezberdin aurreikusi dira. Batetik, hiriko zenbait kaletako zoladura hobetzea. Gaur goizean bertan onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak lan horiei ekiteko kontratazio-dosierra, 1.671.335,56 euroko aurrekontuarekin. Funtsean, zoladura hobetuko da berriro asfaltoa jarriz, 12 eta 5 zentimetroko sakoneran (eremu bakoitza zenbateraino dagoen hondatuta kontuan izanda).

Hiriko hainbat alderditan banatuko dira lanak. Zehazki, hiru multzotan banatuko dira jarduerak:

 

  1. multzoa:

– Forondako atea, Gasteizko sarreratik Landaberde kaleraino.

– Juan Garai kalea, Latinoamerika eta Arriagako atearen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

– Iruñea kalea, Antonio Machado eta Orreaga kaleen artean.

 

  1. multzoa:

– Jacinto Benavente kaleko bizikleta-bidea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean.

– Jacinto Benavente kalea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean.

– Askatasun kalea.

– Olagibel kalea, Bake kalearen eta Herrandarren kalearen artean.

– Ortiz de Zarate kalea.

– Erraimun Olabide kalea.

 

  1. multzoa:

– Adriano VI.aren kalea, Lovaina plazatik Gasteiz hiribideraino. Eskuineko erreia Lovaina plazarantz.

– Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Gasteiz hiribidearen eta Fernandez de Lezeta kalearen artean.

– Domingo Beltrán kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eta Koroatze kalearen artean.

– Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Mexiko eta Leandro Viana kaleen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

– Pedro Asua kalea, Adriano VI.aren kalearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen artean.

– Pedro Asua kalea, Teodoro Dublang kalearen eta Adriano VI.aren kalearen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

 

Kale bakoitzean lanek lau egun irauteko moduan antolatu ditu multzoak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Horrenbestez, 1. multzoko lanak egiteko 12 egun beharko dira, eta 2. eta 3. multzoetakoak egiteko, 24 egun.

 

 

Aparkaleku berriak

Planak proposatzen duen bigarren ildoak doako disuasio-aparkalekuak hartzen ditu barne. Horrelako zortzi aparkaleku ditu Gasteizek, leku hauetan: Francisco Leandro Viana kalea (AUOaren ondoan), Forondako atea-Luis Olariaga, Mendizorrotza, Mendizabala, Ibaibarriaga Koroneltsa, Buesa Arena, Madril kalea eta Ariznabarra (berriena). Denen artean 5.500 leku inguru dute.

Ildo horretatik, eskaintza hobetzeko zenbait neurri iragarri ditu Gorka Urtaranek:

Mendizabaleko zoladura eraberritzea. Gaur goizean onetsi du Gobernu Batzarrak Mendizabaleko aparkalekuko zoladura hobetzeko kontratuaren lizitazioa. Udalak 999.800 euro inbertituko ditu esku-hartzean, eta lanek 6 aste iraungo dute. Izan ere, bertako asfaltoa oso hondatuta dago, hainbat hamarkadatan ez baita berritu. Berdeguneak eta Lasarteko ateko sarbideak mugatzen dituen zintarria ere hondatuta dago. Azpiegitura horrek jai eta kultur zein kirol jarduerak hartzen ditu, Azkena Rock jaialdia, esaterako.

– Aparkaleku berria Adurtzan. Iturritxu kalean jartzekoa den aparkalekuari buruzko xehetasunak ere eman ditu Gasteizko alkateak; udal politikari buruzko eztabaida orokorrean iragarri zuen hori. Dagoeneko idatzita dago proiektua. 420.000 eurotik gorako inbertsioa egingo da, eta Gasteizko lehen aparkaleku “naturalizatua” izango da. Zehazki, Iturritxu kalearen eta A2124 errepidearen artean dagoen lursail berde batean sortuko da, Lidl supermerkatuaren ondoan. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak aparkaleku berezia diseinatu du, paisaia-integrazioaren aldetik sentiberatasun handikoa. Lau aparkaleku multzo osatuko dira berdegune baten barruan, 3.000 metro koadroko azalera batean orotara 101 leku sortuz. Autoek belar-lauzen gainean aparkatuko dute eta ibilgailuek zirkulatzeko bideak baino ez dira asfaltatuko. Gainerako zatia lorategi itxurakoa izango da, putzu txikiz hornitua (euri-urak hartzeko), eta zuhaitzak eta zuhaixkak landatuko dira, ingurunearen biodibertsitatea kontuan hartuz. Izan ere, Olarizuko lorategi botanikoaren ondoan dago azpiegitura berria.

– Aparkaleku berriak. Aparkalekuen alorreko azpiegitura horiei Ariznabarreko parking berria gehitzen zaie, 100 aparkalekutik gora duena, 240.000 euro inbertsioa eginda. Arriagakoak, berriz, 124 leku izango ditu, eta laster hasiko da egokitzen; merkataritza-azalera baten eraikuntza dela eta inguru hartan dagoen aparkalekuak galduko dituen lekuak ordezteko balioko du horrek. Udalaren inbertsioa 700.000 eurokoa izango da, aurrekontuaren barruan beste lan batzuk sartu baitira: batetik, oinezkoentzako lotura sortzea Lakua eta Arriaga artean, Forondako ateko erdibitzailean; bestetik, Jose Maria Diaz de Mendibil kalean eskualdeetako etxeetako fatxadatik doan oinezkoentzako ardatza luzatzea, oraingo aparkalekuan barrena.

 

Share

Interes alderdikoiak alde batera utzi eta guztien ongiaren alde lan egiteko deia egin die alkateak udal taldeei

Zenbait proiektuk itxoin egin beharko dutela gogorarazi du Gorka Urtaranek, Gasteizen lehentasunak osasuna, ongizatea eta ekonomia lokala baitira.

 

Interes alderdikoiak alde batera utzi eta guztien ongiaren alde lan egiteko deia egin die Gorka Urtaran alkateak udal taldeei. “Akordioen udalbatza gisa gogora gaitzatela. Ez dago hiriarentzat txar izan daitekeen akordiorik. Berebiziko garaia bizitzea egokitu zaigu, eta erantzukizunez jokatu beharra daukagu”, azaldu du udal politikaren inguruko debate orokorraren bigarren egunean.

Talde politiko bakoitzaren esanei erantzuteaz gain, berriro zabaldu die eskua Gorka Urtaranek, elkarrizketarako, eta akordioen mahaia eskaini die.

Gainera, hiriak funtsezko une honetan dituen lehentasunak ere gogoratu ditu alkateak. “Zenbait proiektuk, hala nola auditorioak, itxoin egin beharko dute. Gaur egun beste batzuk dira lehentasunak: albait azkarren ateratzea pandemiatik, pertsonarik ahulenen ongizatea zaintzea, eta ekonomia lokala bultzatzea”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Share

Covid-19ari aurre egiteko Udalak baliatu dituen 23,12 milioi euroek eskatu duten ahalegin ekonomiko handia azpimarratu du alkateak

  • Pandemiaren kontrako borrokan buru-belarri aritu direnei omenaldia egingo zaiela udazkenean, iragarri du Gorka Urtaranek

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko Udalak Covid-19ri aurre egiteko abian jarritako ekimenen balantzea egin du alkateak udal politikaren inguruko debate orokorreko mintzaldiaren lehen partean. Datu bat nabarmendu du Gorka Urtaranek: pandemia hasi zenetik, 23,12 milioi euro bideratuak ditu Udalak Covid-19ari eta horren ondorioei aurre egitera. Orain Gasteiz Planeko hogeita hamar neurrien bitartez eman zaio bide ahalegin ekonomiko horri, eta aurrekontuan jasotako hainbat ekimen eta proiektu gehitu zaizkie horiei.

“Zailtasunik izan bada ere, eta izan da, Udalean, maila eman dugu. Ondo egindakoak eta akatsak gorabehera, pandemiari aurre egiteko baliabideak jarri ditugu”, adierazi du alkateak, pandemia hasi zenetik aste gutxira Orain Gasteiz Plana bezalako tresna bat edukitzearen garrantzia azpimarratu du. Urtebete geroago, plan horren % 80 gauzatua dago jada, eta hartutako konpromiso guztiak urtea bukatu aurretik bete ahal izango direla aurreikusten du alkateak. Hiru lehentasunetan zentratutako konpromisoak izan dira: osasuna babestu, pertsona guztien ongizatea bermatu eta gure ekonomia aldeztu.

Alderdi bat nabarmentzen da Covid-19ari aurre egiteko baliatu diren 23,12 milioi euroen banaketan, politika sozial eta soziosanitarioena. Izan ere, arlo horretan hainbat laguntza emateko baliatu dira 15 milioi euro baino gehiago. Ekonomia lokala garatzeko zuzeneko laguntzetara bideratu dira ia 4 milioi euro; besteak beste, merkataritzarako, ostalaritzarako edo enplegua sortzeko dirulaguntzetara. Beste 3,7 milioi euro gehitu behar zaizkio kopuru horri, pandemiak gehien kaltetu dituen sektoreentzako laguntza fiskalak direla eta. Pandemiaren ondorioz beren jarduerak bertan behera utzi behar izan zituzten kulturaren eta kirolaren arloetara 1,5 milioi euro bideratu dira.

Hau da burututako jardueren banaketa ekonomikoa:

 

Omenaldia, pandemiaren kontra borrokatu direnei

Alkatearen ustez, pandemiaren kontrako borroka, administrazio publikoen lehentasuna izateaz gain, gizarte osoaren ahalegina izan da. Batez ere osasun-langile guztiena, zeini esker ona helarazi baitie berriro ere. “Pandemiaren kontrako borrokan buru-belarri aritu direnei omenaldia egingo geniela agindu genuen orain urtebete; pandemiaren bilakaerak oraingo joerari eusten badio, urteko azken hiruhilekoan egingo dugu, ongi merezia baitute”, adierazi du Gorka Urtaranek.

Argiro erakusten dute datuek nolako ahalegina egin den: 210.000tik gora txerto jarri dira Arabako Erakunde Sanitario Integratuan; dagoeneko, 90.000 inguru pertsonak txerto osoa hartua dute, eta beste 120.000 pertsonak lehen dosia. “Bizitzak salbatzen dituzten zenbakiak dira, geure bizitza berreskuratzen lagunduko diguten zenbakiak”, nabarmendu du alkateak.

Gasteizen Covid-aren eraginez hildako 618 pertsonak ere gogoan izan ditu Gorka Urtaranek, eta haien senideak. “Ez ditugu ahazturik. Haien oroigarri iraunkorra izango da irailean inauguratutako Sempervirens espazioa”, adierazi du alkateak.

 

 

Share

Gorka Urtaran: “Dugun onena emateko unea da, eta hiriaren alde ahalegin betean lan egitekoa, ideologia hau partekatuz: Vitoria-Gasteiz”

Gerardo Armesto gasteiztarraren “Akordioen lekuan” lanaz baliatu da alkatea zinegotziei akordioak lot ditzaten eta ekarpen positiboak egin ditzaten eskatzeko. 

 

 

 

20210624 Udal Politika Orokorraren diskurtsoa

Udal politikari buruzko eztabaida orokorra egiteko hirugarren osoko bilkura ezohiko moduan hasi da.  Izan ere, alkateak Gerardo Armesto Larzabal artista eta irakasle gasteiztarraren “Akordioen lekuan” izeneko lana aurkeztu du, zeina udalaren arte garaikideko funtsen barruan baitago.  Lan horren bitartez, Gorka Urtaranek “udal politika orokorraren gaineko eztabaidari begira” duen “asmo nagusia irudikatu nahi izan du.

Hasteko, hiriak dituen erronka nagusiak identifikatu ditu alkateak, “diagnostiko errealista eta hurbilekoa eginez“. Orobat, udal zerbitzuen jardunaren eta pandemiak sortutako beharrei heltzeko inbertsioen berri eman du, eta Agenda Gasteiztarrean jasotako ekintzen betetze-mailaren kontu ere eman du. Ondoren, talde politikoekin adostu nahi dituen erronkak jarri ditu mahai gainean, “zerbitzu publikoen, ekonomia lehiakorraren eta ingurumen-iraunkortasunaren alorretan erreferentziazko superhiria bihurtzeari begira“.

“Gasteizen alde jo eta ke lan egin dezagun aukeratu gaituzte gure bizilagunek Udalbatza osatzen dugun hogeita zazpi pertsonok. Udalaren gurpilera igotzen garenean, pedalei gogoz eta erritmo bizian eragiteko da, hurrengo belaunaldiari lekukoa eman arte. Balia dezagun udalbatzan gauden denbora dugun onena emateko. Ekarpen positiboak egiteko“, nabarmendu du alkateak; izan ere, uste osoa du “dugun onena emateko unea” dela, eta “hiriaren alde ahalegin betean lan egitekoa. Alkatea naizen aldetik, oso argi dut nire ideologia Gasteiz dela. Parteka dezagun ideologia hori“.

Gainera, Gorka Urtaranek akordioetara heltzeko borondatea berretsi du, “erantzukizunez eta eskuzabaltasunez jokatuz. Osoko bilkura hau guztien ongiaren aldeko konpromiso pertsonala hartzeko lekua bihur dezagun. Bihur dezagun osoko bilkura hau irrikatzen ditugun akordioak lortzeko leku, pandemiaren ondoren Gasteizerako garai oparoa argitu dezaten”.

 

Alkateak proposatutako akordioak

Bere hitzaldian, Gorka Urtaranek akordiorako zenbait erronka eta gai aletu ditu. Zehazki, zahartzeari aurre egiteko udal zerbitzuen sare jasangarri bat osatzeko akordioa; bizitegi-bazterketako egoeran dauden familia ahulei arreta emateko akordioa, legez kanpoko okupazioari kontra eginez; udalaren inbertsio-ahalmena hobetzeko akordioa, aurrezpen garbia handituz; auzoen, instalazioen eta espazio publikoaren mantentzea bermatzeko; Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria onartzeko, hiri industriala eta hiri berdea batuko dituena, eta hiriak mugikortasun iraunkor, seguru eta karbonorik gabekoa edukitzeko ordenantza berria izan dezan.

Gorka Urtaranek, halaber, adostasuna eskatu du Forondako aireportua eta industria logistiko eta aeronautikoa sustatzeko VIAP proiektua abian jartzeko, eta Miñaoko parke teknologikoaren azalera handitzeko, enpresa berriak erakartzeko aukera izan dezan.

 

Garatu beharreko ekimen zehatzak

Alkateak ekimen zehatzak identifikatu ditu udalaren ahalegina areagotzearren, gasteiztarren osasuna zaintzeko, adinekoentzako eguneko arreta-zentroetako itxarote-zerrendak desagerrarazteko eta bizitegi-bazterketa egoeran dauden pertsonentzako ostatu-baliabideak handitzeko, besteak beste.

Alkateak nabarmendu dituen ekintzen artean fabrikazio aurreratuko zentroaren abiaraztea dugu, baita startup enpresen azeleragailuarena ere, proiektu berritzaileak erakartzearren; tokiko ekonomia ehunari laguntzen jarraitzeko asmoa ere aipatu du, eta Gasteiz 2030erako karbonoan neutro diren lehen 100 hiri europarretako bat bihurtzea.

Energia berriztagarriak bultzatzeko plan bat ere jarri du mahai gainean Gorka Urtaranek, eguzki-energiaren bidez 120 megawatt sortuko dituena, bizikletentzako sarea mantendu eta zabaltzeko plan berezia, eta Herrandarren kaleko korridore berdea sortzea.

 

 

Gerardo Armestoren “mahaia”

Mahaiak, objektu misteriotsu gisa, ez dira inguruan esertzeko mahaiak, plataforma-mahaiak dira, elkarretaratze batean mugitzeko espazioak, elkarretaratze lasai, magiko, baketsuetarako. Irlatxoak dira, non ez baita pilatzeko aukerarik.  (…) Akordioen lekua hurrengo urratsa da; bertan komunikazioa agertzen da, ez da pertsona bakarrarentzako uhartetxoa, egoteko gela bat baizik, hiru aulki daude, eta espazioaren partiketak txoko babestuak sortzen ditu. Leku lasaia da niretzat. Nire koadernoan idatzi dut: ezer txarrik gerta ez daitekeen irlatxoa.

Gerardo Armesto

Diptikoa

 

Share

Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektua aurrera doa eta hasiera emango zaio loaren kalitateari buruzko ikerketa aitzindariaren landa-lanari

  • Asteazkenera arte, 202 udal langile boluntariok ekimen horretan parte hartzeko beharrezko materiala jasoko dute

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko Udaleko 200 langile baino gehiago jarduera-eskumuturrekoak hasi dira jasotzen gaur goizean, mundu mailan aitzindaria den proba batean parte hartzeko; ikerketaren helburua da loaren kalitatea hobetzen lagunduko duen laguntzaile birtual bat sortzea. Gaurtik asteazkenera arte, neurgailuarekin trebatuko dira boluntarioak eta saiakuntzarekin lotutako baliabide elektronikoak erabiltzen ikasiko dute. Era berean, Loaren Unitateko medikuekin harremanetan nola jarri azalduko zaie, behar izanez gero.

Prozesu hori amaitu ondoren, urtebete iraungo duen landa-lanari ekingo zaio. Horretarako, lagina ausaz hautatutako 101 pertsonako bi talde paralelotan banatuko da hasieratik: bata ikerketa-taldea izango da, eta bestea kontrol-taldea. Ikerketa taldeko kideek kontsulta birtuala izango dute astean behin Osakidetzako Loaren Unitateko medikuekin, zuzeneko online txat baten bidez, zalantzak argitzeko eta aholku eta gomendio pertsonalizatuak emateko. Parte-hartzaileen beste erdiak ez du ¨live-chat¨ sistema baliatuko mediku-taldearekin komunikatzeko. Hala ere, haien jarduera-eskumuturrekoen datuak astero aztertuko dira.

Gaur hasten den saiakuntzako 202 parte-hartzaileak 18 eta 65 urte bitarteko gizon eta emakumeak dira, osasuntsuak, gutxi edo gaizki lo egiten dutenak, eta loaren arloko patologiarik diagnostikatu edo tratatu gabekoak. Hautatuak izateko, aldez aurretik galdetegi bati erantzun behar izan diote, eta ezarritako sartze- eta baztertze-irizpideetara egokitu. Prozesu horretan Gasteizko Udaleko Osasun Publikoko taldeak lagundu du, eta lan handia egin du boluntarioak aurkitzen eta baliabideak antolatzen, besteak beste. Orain datuak biltzeko faseari ekingo zaio eta gutxi gorabehera zortzi hilabete iraungo ditu.

 

Lan zientifikoari proiektuaren bazkide teknologikoena gehitu behar zaio. Izan ere puntako enpresa horiek hainbat arlotan adituak dira, hala nola gailu elektronikoen bidez datuak neurtzen, Loaren Unitatearen eta monitorizatutako pertsonen arteko komunikazio-sistema garatzen, edo loari buruzko gomendioak ematen dituen ikaskuntza automatikoko sistemaren konfigurazioan adimen artifiziala erabiltzen. Hori guztia dela eta, Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektua Vitoria-Gasteiz Green Deal delakoaren ekintza nagusietako bat da, hiriaren etorkizunaren aldeko ituna, eta ekonomia berdean, kohesio sozialean eta ingurune naturalaren babesean oinarritzen dena.

“Udalaren, gure osasun-sistemaren, ikerketa zientifikoaren eta puntako teknologia garatzen duten enpresen arteko lankidetzaren adibide paregabea da hau. Honelako adibideei esker, Gasteiz tamaina ertaineko hirien buruan kokatuko da, dagoeneko hasi dugun ekonomia berderanzko trantsizioan. Osasunak gero eta paper garrantzitsuagoa izango du eredu ekonomiko berri horretan, eta gure hiriak, Loaren Unitateko langileak bezalako profesionalak egiten ari diren lan bikainari esker, erreferentziazko posizioa lortzeko osagai onenak ditu.”, adierazi du Gorka Urtaran alkateak Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City proiektuaren aurrerapena aurkezteko prentsaurrekoan. Berarekin batera Arabako ESIko Loaren Unitate Funtzionaleko buru eta Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko ikertzaile Carlos Egea, Bioaraba Osasun Ikerketa Institutuko administratzaile Saray Fanega, eta ekimeneko laguntzaile Luis Miguel Arconada futbolari ohia egon dira.

Biorabatik azpimarratu dute ekimenak gizarte-itzulkin garrantzitsua izan dezakeela. “Ikerketa Institutu garen aldetik, gure egitekoa da ikertzaileei, esaterako, Carlos Egeari eta bere taldeari, eta osasun, zientzia eta arlo akademikoko beste hainbat eragileri laguntza ematea, ikerketa- eta berrikuntza-proiektuak egin ditzaten, betiere ahaztu gabe proiektu horiek eragina izan behar dutela pazienteengan edo herritarrengan, kasu honetan bezala. Eta horren adibide ona da Sleep Smart City”, berretsi du Saray Fanegak.

Antzeko hitzak esan ditu Carlo Egeak. Bere aburuz, loaren kalitate txarra areagotzen ari den arazo bat da, eta, besteak beste, bizimoduarekin, estres psikosozialarekin, dieta desorekatuarekin eta jarduera fisiko ezarekin du zerikusia. Osasunari dagokionez, gaizki lo egiteak hainbat ondorio ditu, hala nola istripu zerebrobaskularra, gaixotasun koronarioa, hipertentsio arteriala, obesitatea eta 2 motako diabetesa izateko arrisku handiagoa, bai eta hilkortasuna areagotzea ere.

Loaren kalitateari buruzko ikerketako landa-lanaren hasieraren berri emateko prentsaurrekoan, “Vitoria-Gasteiz Sleep Smart City” proiektuan parte hartzen duten profesionalak, erakundeak eta enpresak izan dira, hala nola Arabako ESIko kudeatzaile José María Pérez Ramos, Ibermática taldeko I+G+b programen arduradun Itziar Cuenca, Philips Espainiako Arnas Ataleko arduradun Javier González Cappa, Linde Homecar Espainiako zuzendari nagusi David Asin, Serotrem enpresako zuzendari komertzial Ángel Orteu, eta IKEA Barakaldoko David Cajal eta Virginia Medina.

 

Share

“Hiri iraungarri eta herritarrekin konprometitu” gisa aintzatesten du Gasteiz La Red del Cambio txostenak

Gorka urtaran alkatea Wallapopek antolatutako topaketa batean izn da gaur goizean, mahaikide zituela Elsa Punset filosofoa, Víctor Viñuales ECODESeko zuzendari exekutiboa eta Olivia Calafat, plataforma teknologikoko marketing alorreko zuzendaria.

 

La Red del Cambio bigarren urtez Wallapop plataforma teknologikoak antolatutako ekimena da; gaur Gasteiz aintzatetsi du, “iraungarritasun-estrategiagatik, bereziki ekarpenak egin dituelako, lidergo postu batetik egin ere, herritarrekin konprometitutako hiri baten alde, maila nazional zein nazioartekoan eredu abangoardiako baten bidez”. Gorka Urtaran alkateak kontsumo iraungarri eta arduratsuan lider den plataformak emaniko diploma jaso du, Madrilen burutu den jardunaldiaren amaieran.

Gorka Urtaran alkatea “Hiriak eta erakundeak iraungarritasunaren erronkaren aurrean” izeneko ekimenean izan da gaur goizean. Alboan izan ditu Elsa Punset filosofoa, Víctor Viñuales ECODESeko zuzendari exekutiboa eta Olivia Calafat, Wallapopeko marketing alorreko zuzendaria. Mahai-inguru horretan eztabaidan jarri dira, besteak beste, kontsumo molde berriak, bigarren eskuko kontsumoaren joerak, nekazari-exodoa, pertsona gazteenek eta erakundeek iraungarritasunari buruz duten pertzepzioa, bai eta konfinamenduaren ondoren eta pandemiaren eraginez sortu diren erronka berriak ere.

Gorka Urtaranek Gasteizen bizitako esperientzia eta hirian bultzatutako politika publikoak azaldu ditu. “Pertsonen osasuna hertsiki lotuta dago hirietako eta inguruetako osasunarekin. Pandemiak agerian utzi du hori, eta Gasteizen oso presente daukagu gure ekintzetan: asko kezkatzen gara naturaren osasunaz, gure herritarrena babesteko “.

Gainera, “Gure gizarteak jorratu behar duen aldaketa iraunkorraren eredu gisa” hiriek duten papera aipatu du alkateak. Gasteizen, hiri berdetik ekonomia berdera igarotzen ari gara, Gasteizko Green Deal bezalako ekimen eta akordioen bidez eta ekonomia zirkularreko ekintza zehatz eta aitzindarien bidez, hainbat sektore eta eragileren eskutik, kontsumo arduratsuaren, hondakinen berrerabilpenaren eta zero kilometroko estrategien alde eginez, nekazaritzako elikagaien kasuan, besteak beste “.

Share