Prentsa Oharren banner

Sevillako Udalaren ordezkariak Gasteizen izan dira, Eraztun Berdearen proiektua bere egiteko asmoz

Gorka Urtaran alkateak, Ingurumen Plangintza eta Kudeaketako zinegotzi César Fernández de Landak eta Joseba Sánchez zerbitzuburuak hartu dituzte, gaur goizean, Sevillako alkateorde Jose Luis David Guevara eta bertako Udaleko Ingurumen Arloko ordezkariak, zein Eraztun Berdearen proiektua sakonki ezagutzeko asmoz etorri baitira Gasteizera.

Honela azaldu du alkateorde andaluziarrak: “Eraztun Berdearen proiektua garatzen ari da Sevilla, eta besteren esperientziatik ikastera etorri gara Gasteizera. Hiri honek nazioarteko aintzatespenak ditu, eta non hobeto ezagutzen diren hiri-espazioak finkatzen, naturalizatzen dakitenak. Hiriak ematen dizkigun aukerak aprobetxatu nahi ditugu, 42 kilometro ibilbidea eratzeko, horrebeste gorazarre jaso dituen Gasteizkoarenaren antzeko proiektu bat eginez.”

 

Share

Gasteizek, Valentziak, Gijónek, Fuenlabradak, Logroñok eta Valladolidek mugikortasunarekin lotutako ‘Hiri Konektatuak’ proiektuari ekin diote

Gorka Urtaran alkateak eta gainerako hirietako ordezkariek hiri-mugikortasunerako estatu mailako lehen plataforma aurkeztu dute

Bi milioi biztanlek – Gasteiz, Valentzia, Gijón, Fuenlabrada, Logroño eta Valladoliden bizi diren bi milioiek – aterako diote onura “Hiri Konektatuak” proiektuari; plataforma hori hiri-mugikortasuna ezarri, garatu eta berritzeko lehen erreferentzia da estatu mailan. Era berean, udalentzako tresna izango da, eta herritarrentzako tresnaren segurtasuna eta sinplifikazioa jarriko ditu proiektuaren erdigunean. Udalerri horiek bisitatzen dituzten pertsonak ere izango dira onuradun. Aipatutako sei hirietako ordezkariek —Gasteizko alkate Gorka Urtaran horien artean— gaur Valladoliden aurkeztu duten proiektua irtenbide berritzailea da estatu mailan; udalerri bakoitzaren benetako beharretara egokituko da, eta beste hiriburu batzuek ere sartzeko aukera izango dute.

Ekimen horri esker, elkartutako hiriek muga administratibo eta geografikoak gaindituko dituzte, sei autonomia-erkidegotakoak baitira (Euskadi, Valentziako Erkidegoa, Asturias, Madril, Errioxa eta Gaztela eta Leon), leku horietan bizi direnei benetako irtenbideak eskaintzeko. Izan ere, pertsona horiek “hiri handi bateko” kide izango dira, baliabide horrekin sareko edozein hiritara joaten direnak “etxean bezala sentituko” direlako.

Hiri horietako bateko pertsona batek, plataforman erregistratu eta ordainbide batekin lotu ondoren, bere ibilgailua baimendu ahal izango du emisio txikien eremuan (ETE) sartzeko, trafikoaren egoera egiaztatzeko, udal-sareko autobus bat hartzeko eta abar. Hori guztia sareari lotutako edozein hiritan egin ahal izango du, beste inongo plataformatan alta eman beharrik gabe. Gainera,  erabiltzaile-motari eta joan-etorriak egiteko moduari dagozkien tarifarik merkeenak aplikatuko zaizkie, geroko ordainketa bermatuta dutela. Guztia aplikazio bakar batean, erregistro bakarrarekin eta ordaintzeko metodo bakarrarekin egingo da, hartara bidaiarientzako izapideak erraztuz.

Izan ere, sinplifikazioa da proiektua sortzeko funtsezko premisa, erabiltzaileen esperientzia kontuan hartuta. Edozein hiritan egonda ere garraiobide oro aplikazio bakar batean integratzeko beharra da ardatz nagusia.

Proiektuak 27,7 milioi euroko aurrekontua du, eta Europako funtsen deialdira aurkeztu da, Espainiako Gobernuaren Suspertze, Eraldatze eta Erresilientzia Planaren barruan; 31 hilabeteko egikaritze-epea du, hau da, 2024ko ekainerako amaituko da. Zehazki, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agendako Ministerioaren Next Generation funtsetan agertzen da, udalerriei emisio txikiko eremuak eta hiriko garraioaren eraldaketa digital eta iraunkorra ezartzen laguntzeko programaren barruan.

Helburua da hiri anitzeko plataforma digital bat garatu eta ezartzea, kode irekian, mugikortasun-datuak modu integratuan eta elkarreragilean jaso, prozesatu eta ustiatzeko. Hiri-mugikortasuneko eta mugikortasunaren kudeaketako hainbat zerbitzu emango ditu modu koordinatuan, erabiltzaileekiko diru-transferentzien kudeaketa bateratua barne.

Jarduera-eremuak

  • Hiriak: plangintza egiteko, azterketak egiteko eta erabakiak denbora errealean hartzeko plataforma zentralizatua. Antzeko hiriei dagozkien datu eta esperientzietan oinarritutako gobernantza. Bidaiak iraunkortasun-irizpideekin planifikatzea.
  • Operadoreak: erabiltzailearekiko kontaktu digitala eta denbora errealeko datuak, eskaintzaren doikuntza datu globaletan oinarrituta, tarifen bateratzea eta geroko ordainketaren kudeaketa zentralizatua.
  • Erabiltzaileak: informazioa aplikazio bakar batean, denbora errealeko eskaintza, bidaien plangintza, ahalik eta preziorik onena lortzea, erabiltzaile motara egokitzea eta % 100 eskuragarria.

Sei hirietarako plataforma bakarra eta komuna garatzea lankidetzako eta garapen iraunkorreko paradigma berri baten sorrera izango da. Paradigma horretan, estandar komun bat oinarri duten irtenbideetan aurrera egin ahal izango da, garatzeko gastuak partekatuz eta antzeko hirien artean egoerak alderatuz; hori eskalagarria izango da, eta sare horretan sartu nahi duten gainerako hirietan errepikagarria.

Sistemaren tamaina eta konplexutasun teknologikoa gorabehera, herritar guztiei bermatuko die irisgarritasuna. Gainera, tresna hori mugarri izango da ikerketan eta sektore pribaturako garapenean, mugikortasun-zerbitzuen hornitzaileen, IKT hornitzaileen, enpresa normalizatzaileen eta abarren berrikuntza sustatuko baitu.

Plataforma horrek —sarbide errazekoa eta bakarra estatuan— sistemari atxikitako hirietako garraio publikoko zerbitzu tradizional guztiak eta leku horietan sortzen diren mugikortasun partekatuko zerbitzu berriak integratuko ditu. Proiektu aitzindaria da eta kode irekiko plataforma bat sortuko da, sareari atxiki nahi zaion edozein hiri edo garraiobide integratzeko aukerarekin.

Aplikazio teknologiko berrien erabilgarritasunari esker, garraio publikoa eta mugikortasun iraunkorreko modu berriak malguagoak eta lehiakorragoak izan litezke, eta garraiobide horiek ibilgailu pribatuaren ordez erabiltzea sustatuko luke. Oro har, horrek emisio kutsatzaile gutxiago eragingo ditu, eraginkortasun energetiko handiagoa joan-etorrietan, espazio publikoaren erabilera txikiagoa; ondorioz, ezbehar-tasa ere murriztu egingo da.

Gainera, plataformak aukera emango du dena delako administrazio publikoak eman edo kudeatutako zein haiekin erlazionatutako gainerako oinarrizko garraio-zerbitzuekin integratzeko (taxiak, hiri barruko eta hiriarteko tren-zerbitzuak, hiriarteko autobusa, bizikleta publikoa, etab.).

Share

Akordioa lortzeko borondatearekin ekingo dio alkateak 2022ko aurrekontuaren negoziazioari, talde guztien ekarpenak jasotzeko gertu

  • Ordenantza fiskalen gaineko debatearen emaitza ontzat jo du Gorka Urtaranek, zergak izoztearen helburu nagusia lortu baita

Datorren urteko udal zergen debatearen fase erabakigarria gainditu delarik, 2022ko aurrekontua negoziatzeko prest agertu da Gorka Urtaran alkatea, eta talde politikoek leku izango duten akordioa lortzeko. “Ordenantzen debatean ikusi da gure jarrerak besteenetara hurbildu nahi izan ditugula, eta asmo horrekin berarekin ekingo diogu udal aurrekontuak negoziatzeari. Talde politiko guztiekin hitz egin nahi dugu, haien ikuspegia aintzat hartzen saiatu, aurrekontu aberatsago, zabalago eta hobea egin ahal izateko, Gasteizerako”, adierazi du.

Orobat ontzat jo du ordenantza fiskalen debatearen emaitza. “Helburu nagusia udal zergak izoztea zen, eta lortu dugu”, nabarmendu du. Bigarren helburuari, hots, tasa eta prezio publikoak bizitzaren kostuaren arabera eguneratzeari dagokionez —diru-sarreren eta udal-gastu arrunten arteko aldea handitu ez dadin—, beharrezko zen % 3ko igoerara iristea ezinezkoa izan dela azaldu du. “Horrek esan nahi du datorren urtean Udalak erosteko ahalmen txikiagoa izango duela, bizitzaren kostuaren igoera % 1etik gorakoa baita, eta diru-sarreren eta gastuen arteko aldea handitu egingo dela, kontu-hartzaile nagusiak beharrezkotzat jotzen duen aurrezpen garbia murrizteaz gain, baina egia da erdibideko puntu bat lortu dugula, gobernu gisa planteatzen genuen eguneratzearen eta izoztearen artean”.

Ordenantza fiskalen debatean baliatutako negoziazio-mekanika errepasatu du alkateak, eta gogora ekarri ditu egindako lehen bilera-sorta, oposizioko taldeek ezarritako marra gorriak eta atzo gobernu taldeak batzordeko debatean izan zuen jarrera proaktiboa. “Akordioa lortzeko borondatea erakutsi du gobernu honek, eta zuzenketa batzuekin bat etorri da, erdibide batera iristeko. Ordenantza fiskalen inguruan akordioa lortzea nahi izango nukeen; aurrekontuen inguruan lortzea espero dut. Badu garrantzirik, hiriarentzat”, nabarmendu du.

Share

Farmaconsulting zoriondu du alkateak, 30 urte baitira sortu zela, Gasteizen 

Hiriko egoitza iraunkorraren proiektua aurkezteko baliatu dute egokiera konpainiako zuzendari nagusiak eta zuzendaritza-batzordeak. 

Enpresak gaur azaldu duen planaren balio eta helburuak Gasteizko Green Dealenekin bat datozela nabarmendu du alkateak

 

Gorka Urtaran alkateak eta Ana Oregi eta Iñaki Gurtubai alkateordeek Farmaconsulting enpresako zuzendaritza-batzordea eta zuzendari nagusia hartu dituzte gaur, 30 urte baitira sortu zela, Gasteizen.

Alkateak eskertu egin du farmazia-sektoreko erreferente den enpresa horrek —zeinek Estatuko probintzia guztietara banatzen den sare bat baitu— egindako apustua. Izan ere, Gasteizen eraikiko du aurki bere egoitza, “eta zuen sustraiekin eta Udalak eta hiri honek partekatzen dituzten balioekin leial izanik egiten duzue, ingurunearen eta planetaren etorkizun iraunkorraren aldeko kontzientziarekin, hori baitugu ardatz Gasteiz hiri berdea izatetik ekonomia berdera igaro dadin.  Zuen printzipioak bat datoz Gasteizko Green Deal-arekin, duela bi urte abiarazi genuen itun handi horrekin. Gure bizi-kalitate handia sendotzeko eta etorkizun ekonomiko eta sozial sendo eta bideragarri baten oinarriak finkatzeko itun bat, akordio zabal eta plurala, bilatu beharreko horizonteari buruzko ikuspegi askotarikoak baina osagarriak biltzea helburu duena. Mundu mailako eszenatoki berri baten aurrean gaude. Klima-aldaketaren ondorio ekonomikoak, ingurumenaren arlokoak eta sozialak agerikoak dira dagoeneko, eta larritasunik gabe baina ausardiaz jokatzeko unea da, elkarrizketa eta akordioa direla medio.”

Horren barruan sartu ditu Gorka Urtaranek gaur aurkeztu denaren gisako apustuak: “Iraunkortasunaren mundu mailako erreferentzia bihurtu duen aldaketa egiten jakin du gure hiriak. Gure inguruan planetak bizi duen eraldaketa handi horri heltzeko gai den hiririk baldin bada, Gasteiz da hori. Trantsizio “berde” hori aurrera eramateko gai izan behar dugu orain, hiriaren eredu ekonomiko eta soziala gauzatzeko. Erronka horiek guztiak orobat dira aprobetxatu beharreko aukera handiak. Asko dago egiteko, eta bat egiten badugu, eta erabakitasunez lan egiten, lor dezakegu aldaketa horietatik hiri hobea ateratzea, puntako zerbitzu publikoekin, ekonomia dinamiko eta modernoarekin eta jarraitu beharreko eredu izaten jarraituko duten azpiegitura berdeekin. Une honetan, hiriak beren nortasunaren bila ari dira. Gasteizek badu. Green gara, eredu gara beste askorentzat; bihur dezagun gure marka, gure nortasun-ezaugarria, etorkizunerako aldaketa-palanka”, aldeztu du alkateak.

Egoitza berria Prado parkearen ondoan

Farmaconsultingeko zuzendari nagusi Alfredo Alonsok, bere aldetik, eskertu egin du 30. urteurrena dela eta Udalak egin dion gorazarrea, eta, bidenabar, Gasteizko egoitza berriaren proiektua aurkeztu dio alkateari. Zehazki, Arabako hiriburua aukeratu du konpainiak, Frai Francisco Vitoria ibilbidearen ondoan egoitza moderno bat jartzeko, Prado parketik gertu. Ezagutzaren erreferente bihurtzea espero dute, enpresen topagune, ikerketa-leku eta etorkizuneko proiektu sozialak garatzeko leku. Zuzendari nagusiaz gain, Sara Alonso, Juan Fernández de Trocóniz, Gorka Calvete, Félix Fernández, Juan Antonio Adsuar eta Leticia Alonso izan dira ekitaldian, enpresako zuzendaritza-batzordearen izenean.

 

 

 

 

Share

Udalak zozketa egingo du Urarteko udal baratze ekologikoetan (Abetxuku) libre dauden lursailak aldi baterako erabiltzeko

Tokiko Gobernu Batzarrak gaur onetsi du Urarteko (Abetxuku) aisialdiko hiri-baratzeetako libre dauden lursailak baliatzeko baimena emateko deialdi publikoa.

“Natura hirian bertakotzeko oinarrizko elementu dira hiri-baratzeak, baita pixkanaka autoekoizpen-estrategiak eta iraunkortasunaren inguruko sentsibilizazioa garatzen joateko ere. Mota horretako ekimenei esker da posible neurri handi batean gure gizartean oinarrizko kontzeptuak zabaltzea, besteak beste, elikadura-burujabetza, tokiko produktuak, elikadura osasungarria eta osasunerako hezkuntza“, Gorka Urtaran alkateak azpimarratu duenez.

Ekimen horien artean leku nabarmena hartzen dute Abetxukuko aisialdiko hiri-baratzeek, zeinek partikularrek aldi batez baliatzeko 225 lursail biltzen baitituzte.

Urarteko baratzeak baratzezaintza ekologikoa garatzeko ekipamendua dira, eta Eraztun Berdeko Zadorrako parkean daude, Abetxukun.

Espazio honek 60.000 m2 hartzen ditu, eta honela banatzen da: 75 m2-ko banakako lursail, baratzezaintza ekologikoa irakasteko 600 m2-ko baratze kolektibo bat, talde edo kolektiboei zuzendutako 600 m2-ko beste gune bat (lursailetan banatua), dibertsitate funtzionala duten pertsonentzako 4 laborantza-mahai, ureztatzeko uraskak espazioan zehar sakabanatuta, eta mahai eta aulkiz hornitutako atsedenlekuak. Horiez gain, zerbitzuetarako bi eraikin ditu, non produktu eta lanabesen biltegia, armairuak eta aldagelak, ikasgela-lantegia eta informazio bulegoa kokatzen baitira.

Ekipamenduaren xedea hiriko pertsonei zein irabazi asmorik gabeko kolektibo eta elkarteei hiri-baratzezaintza ekologikoa praktikatu ahal izateko leku bat eskaintzea da. Baratzeetan hezkuntza-jarduera eta -programak garatzen dira, pertsona eta kolektibo sorta zabal bati zuzenduak.

Gaur egun, taldeentzako lursailetan talde hauek ari dira proiektuak garatzen: Abetxukuko Uribe-Nogales auzokideen elkartea, Xilema Fundazioa, Abegia, BioAlai, Abetxukuko Ekimen Etxea elkartea, Egibideko zereginen ikaskuntzarako gela, CEAR eta Down Araba Isabel Orbe elkartea.

 

Share

1,6 euroko inbertsioa Gasteizko 15 kaletan asfaltoa berritzeko

 Aparkaleku eta asfaltatze planaren barruko esku-hartze guztiak burututa, esleituta edo lizitazioan daude

 

ASFALTATZEA DOSSIERRA

Aparkaleku eta asfaltatze plana —4 milioi euroan balioetsia— aurrera doa, oso erritmo onean, Gasteizko alkate Gorka Urtaranek uztailaren hasieran iragarritakoari jarraituz. Gaur goizean bertan, hiriko hamabost kaletan zorua hobetzeko lanetarako kontratua (hiru multzotan banatua) esleitzea onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak. Horietaz gain, Mendizabaleko aparkalekua berritzeko lanak esleitu ziren joan den astean, eta ibilgailu pribatuentzako beste azpiegitura batzuk egitea ere aurreikusi da. Esate baterako, datozen hilabeteetan gauzatzekoak dira Arriagako eta Iturritxuko aparkaleku berriak.

Herritarrek eskatu ohi dituzten esku-hartzeak dira, ibilgailu pribatuen erabiltzaileen erosotasunerako, eta Udaletik horiei erantzuten diegu, inbertsio ekonomiko handia eginez“, azaldu du Gorka Urtaran alkateak.

Hiriko asfaltatzeak hobetzeko lanetarako kontratua hiru multzotan banatuta zegoen, eta 1.671.335,56 euroko inbertsioa eskatuko du orotara. Firmes Alaveses eta Yarritu enpresen ABEEari esleitu zaizkio hiru multzoak. Funtsean, zoladura hobetuko da berriro asfaltoa jarriz, 12 eta 5 zentimetroko sakoneran (eremu bakoitza zenbateraino dagoen hondatuta kontuan izanda). Hiriko hainbat alderditan banatuko dira lanak. Hauetan zehazki:

  1. multzoa:

– Forondako atea, Gasteizko sarreratik Landaberde kaleraino.

– Juan Garai kalea, Latinoamerika eta Arriagako atearen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

– Iruñea kalea, Antonio Machado eta Orreaga kaleen artean.

 

  1. multzoa:

– Jacinto Benavente kaleko bizikleta-bidea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean.

– Jacinto Benavente kalea, Florida kalearen eta Esmaltazioetako biribilgunearen artean.

– Askatasun kalea.

– Olagibel kalea, Bake kalearen eta Herrandarren kalearen artean.

– Ortiz de Zarate kalea.

– Erraimun Olabide kalea.

 

  1. multzoa:

– Adriano VI.aren kalea, Lovaina plazatik Gasteiz hiribideraino. Eskuineko erreia Lovaina plazarantz.

– Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Gasteiz hiribidearen eta Fernandez de Lezeta kalearen artean.

– Domingo Beltrán kalea, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen eta Koroatze kalearen artean.

– Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea, Mexiko eta Leandro Viana kaleen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

– Pedro Asua kalea, Adriano VI.aren kalearen eta Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalearen artean.

– Pedro Asua kalea, Teodoro Dublang kalearen eta Adriano VI.aren kalearen artean (BEIrenak ez diren erreiak).

Kale bakoitzean lanek lau egun irauteko moduan antolatu ditu multzoak Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak. Horrenbestez, 1. multzoko lanak egiteko 12 egun beharko dira, eta 2. eta 3. multzoetakoak egiteko, 24 egun.

 

Planaren barruko beste jarduera batzuk

Lan horietaz gain, zoladura eta aparkaleku planak beste proiektu batzuk barne hartzen zituen; horietako batzuk dagoeneko burututa daude, beste batzuk gauzatzen hasiak dira, edo lizitazioan daude.

 

Hauxe da egoera:

Mendizabala eraberritzea (999.800 euro): kontratua joan den astean esleitu zen, eta oraindik ez da zehaztu lanak hasteko data.

Iturritxu kaleko aparkaleku berria (420.000 euroko aurrekontua): lizitazioan.

Arriagako aparkaleku berria (700.000 euro): lanak hasiak dira, merkataritza-zentroaren ingurua urbanizatzen ari baita. Forondako ateko oinezkoentzako pasabide naturala hobetzea eta aparkaleku bera sortzea barne hartzen du proiektuak. Ibilgailuentzako azpiegiturarekin lotutako lanak, berriz, aste batzuk barru hasiko dira.

Ariznabarreko aparkaleku berria (240.000 euro): burutua.

Halaber, kaleak hobetzeko estrategia horri 270.000 eurotik gorako beste bi kontratu gehitu beharko litzaizkioke. Lehenengoak 190.000 euroko diru ekarpena izango du eta hiriko 13 kaletan zoladura konpontzeko lanak egitea ekarriko du. Bigarrenak hiri osoko 1.500 metro karratu espaloi hobetzeko balioko du, ia 80.000 euroko aurrekontu ekarpenari esker.

 

Share

Gasteizko Azpiegitura Berdearen Estrategia eredu, Life Urban Klima 2050 proiektuaren lan-bileran

Gasteizen klima-aldaketaren kontra garatutako irtenbideak aurkeztu ditu alkateak, 20tik gora organizazio publiko eta pribatuk parte hartzen duten europar proiektu horretako jardunaldi batean

 

Urban Klima 2050 proiektuaren inaugurazio-mahaian parte hartu du gaur Gorka Urtaran alkateak, Garapen Ekonomiaren, Iraunkortasunaren eta Ingurumenaren sailburu Arantxa Tapiarekin eta Europako Batzordearen Life Programako Baliabide Naturalen, Klimaren, Ekonomia Urdinaren eta Energia Garbiaren Unitateko arduradun Christian Strasserekin batera.

Klima-aldaketaren kontra Gasteizen inplementatu diren eta aurreikusten diren ekintzak azaldu ditu, hau da, “hiriko-arazoak konpontzeko diseinatuta dauden ekintzak, zeinek, gainera, hiriaren azalera berdea, biodibertsitatea eta zerbitzu ekosistemikoak areagotzeko balio baitute. Munduko biztanle gehienak hirietan biltzen dira, eta hiriak dira emisio gehienen erantzule. Beraz, egiten dugunak eragin handia izango du planetako emisioetan eta kliman, baita pertsona gehienen osasunean eta bizi-kalitatean ere. Hirietan, CO2 emisioak hiru multzo handitan sailka litezke: hiriko garraioa eta mugikortasuna, sektore ekonomikoa, eta eraikinak. Hiru parte horietako bakoitzak, gutxi gorabehera, hirietako emisio guztien herena egiten du. Hortaz, horietako bakoitzaren inguruan aldaketa-politikak landu beharra daukagu”, nabarmendu du Gorka Urtaranek.

Ildo horretatik, hiru ardatz horietan finkatu ditu lehentasunak alkateak, klima-aldaketaren kontrako borrokari dagokionez:

  • Mugikortasun aktibo eta iraunkorraren alde egitea, oinezkoa, bizikleta eta garraio publikoa lehenetsiz beste mugikortasun-modu batzuen aldean.
  • Sektore ekonomiko eta industrialari laguntzea, ekonomia berderako trantsizioan. Ez ekoizpen-modu iraunkorragoak geureganatuz bakarrik, baita eredu iraunkorragoan oinarritutako negozio-hobi berriak sortzen lagunduz ere.
  • Eraikinetan, eraikinen birgaitze urbanistiko eta energetikoaren arloko politiken bitartez, efizienteagoak izan daitezen energia-kontsumoari dagokionez, eta energia-iturri berriztagarriak balia ditzaten.

Hiri Azpiegitura Berdearen Estrategia bandera-ontzitzat harturik Gasteizko proiektuei dagokienez, esparru urbanoan Klima-aldaketaren Euskal Estrategia zabaltzea du helburu Life Urban Klima 2050 proiektuak. Eusko Jaurlaritzak —Ihoberen bitartez— gidatzen duen proiektu hori onetsia du Europar Batasunak, klima-aldaketa arindu nahiz horretara egokitzeko Proiektu Integratuen Arloaren barruan, eta, guztira, Euskadiko hogeita hiru entitate publiko eta pribatuk parte hartzen dute bertan, Gasteiz barne.

Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak 755.383 euroko aurrekontua du proiektuan parte hartzeko (horietatik, Europako Batzordearen LIFE programak 453.230 euro jarri ditu), eta bi jarduera-ildo nagusietarako erabiltzen ari da: naturan oinarritutako irtenbideak eta lurraldearen erresilientzia hobetzeko hiri inguruko azpiegitura berdea.

Lehenengoa, Gasteizen dagoeneko inplementatu diren edo inplementatzeko bidean dauden naturan oinarritutako irtenbideen katalogo bat da, eta, aldi berean, bai tenperaturetan bai prezipitazioetan espero diren aldaketek hirian izango duten eraginaren eredu teorikoa. Katalogo bizia da; handituz joango da, esku-hartze berriak egin ahala. Oraingoz, 106 jarduera jasotzen ditu; 79 dagoeneko gauzatu dira, 12 gauzatzen ari dira eta 15 gauzatzeke daude.

Bigarren jarduera-ildoari esker, hainbat proiektu burutu ahalko dira: Aramangeluko nekazaritza ekologikoko parkea, gertutasunean oinarritutako nekazaritza ekologikoa sustatzeko; fitokudeaketaren bidez Gasteizko aldirietan hondatutako guneak leheneratzea, zerbitzu ekosistemikoak bultzatzeko (bioaniztasuna, konektagarritasun ekologikoa eta CO2ren hustubide efektua, besteak beste), eta, azkenik, Gasteizko aldirietako 200 hektarea inguru agrologikoki sailkatzea, etorkizunean, gaitasun agronomikoa beste irizpide bat izan dadin hiri-plangintzan.

“Hiriak dira aldaketaren eragile nagusiak, eta, horregatik, klima-neutraltasunari hainbat ikuspegitatik heldu behar diogu eta sektore ekonomikoa trantsizioan inplikatu”, esan du alkateak, bukatzeko. Ildo horretatik, azpiegitura berdearen garapena eta naturan oinarritutako irtenbideak nabarmendu ditu, bizi-kalitatea eta osasuna hobetzeko eta CO2 hustubide gisa jarduteko giltzarri gisa.

 

 

 

Share

Lanabesek baliabide gehiago eskainiko dizkio sektore sozioekonomikoari euskararen arloan dituen beharrei erantzuteko

 

Programak enpresei prestakuntza eta aholkularitza gehiago eskainiko zaie, euskarazko jardunbide egokiak zabalduko dira merkataritzan eta ostalaritzan eta LHko prestakuntzan presentzia handiagoa izango du.

 

Eusko Jaurlaritzak, Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak fase berri bat aurkeztu dute gaur, Lanabesen hazkunde handiaren fase bat, 2015etik Arabako enpresa-eremuan euskararen erabilera etengabe bultzatzen duen programa. 6 urte dira euskara eguneroko zereginetan, bezero edo hornitzaileekiko harremanetan eta abarretan erabiltzen duten enpresen kopurua modu esponentzialean hazi dela, eta, horren ondoren, erakundeek beste bultzada bat emango diote proiektuari, sektoreak euskararen arloan dituen beharrei modu eraginkorragoan erantzun nahi dien entzute bat aktibatuz.

“Enpresak jakitun dira euskararen sustapenak eta erabilerak esparru sozioekonomikoan dakartzan onurez. Proiektu honen bidez, Arabako eremu sozioekonomikoan aintzatetsitako enpresa eta erakundeen sare bat ehundu nahi da “, adierazi du Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak,” Baina aurrean dugun bideak luzea izaten jarraitzen du; horregatik, erakundeen arteko lankidetza, SEA eta Vital Fundazioaren ahalegin goresgarriaz gain, funtsezkoa da euskarak hezkuntza gainditu dezan eta eremu pertsonalera eta, batez ere, enpresarialera irits dadin, jakin badakigulako gazteria hizkuntzari dagokionez abantaila handia dela elebidunentzat, eta lan-munduarentzat “.

Aliantza horri esker, iaz aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunitate bat martxan jartzea lortu zen, lurraldean kokatutako enpresetan euskararen erabilera sustatzeko funtsezkoak izan nahi dutenak. Gainera, praktika-komunitate hori garatuz, pixka bat gehiago aurreratu nahi da, hizkuntzakudeaketan duten esperientzia partekatu, elkarrengandik ikasi, ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen lagundu nahi duten enpresen foro bihurtzeko. Joan den astean ekitaldi honetako foro honen bilera egin zen, eta arrakasta handia izan zuen.

“Gasteizko Udalak bat egin du esparru sozioekonomikoan euskararen presentzia eta erabilera sustatzeko koordinazio-mahai gisa erabiltzeko tresna den proiektuarekin. Elkarlana garrantzitsua da indarrak batzeko eta osagarritasuna lortzeko”, azaldu du Gorka Urtaran Gasteizko alkateak.

Bestalde, Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak adierazi duenez, “azpimarratzekoa da enpresekin izan ditugun harremanak benetan emankorrak izan direla. Interesa eta prestutasuna adierazi dute. Eta horregatik eskerrak eman nahi dizkiet. Garrantzitsua da beraien jarrera hori bi arrazoigatik. Batetik euskararen biziberritze prozesuan laguntzen dutelako eta bestetik eredugarri direlako eta horrek beste enpresa batzuk erakarri ditzakeelako. Pixkanaka pixkanaka indarrak batzen joatea, batak besteari eragitea, auzolanean aritzea da helburua”. Sailburuak gaineratu duenez, “horretan Araba eredugarria da. Arabarrak apustu sendoa egiten ari zarete euskararen biziberritze prozesu hau bultzatu eta indartzeko, euskara ezagutzeko eta erabiltzeko, baita eremu sozioekonomikoan ere. Foru Aldundiak eta Gasteizko udalak apustu sendoa egin duzue euskara lan munduan biziberritzeko eta horretan bidelagun izango gaituzue”.

Baina haratago joateko, Lanabesek uste du arreta handiagoa jarri behar zaiola entzuteari, eta lan horrek fruituak eman dituela. Iaz, Foru Aldundiak landa-lan bat egin zuen Arabako 50 langile baino gehiagoko enpresetan euskararen sustapenari eta erabilerari buruz dagoen interes-maila aztertzeko galdetegi baten bidez. Gaur egun, lurraldeko 24 enpresak dute Bikain zigilua eta 192k Bai Euskarari ziurtagiria.

Orain, galdetegi hori Bai Euskarari Elkarteak 19 eta 49 langile bitarteko enpresei bidaliko dizkie, enpresa handiei eskainitako zerbitzua zabaltzeko eta, horrela, euskara sustatzearen aldeko Arabako enpresa-sarea aberasteko. Asmoa da enpresetara iristea, haien beharrak ezagutu eta jasotzea, baliabideak eskaintzea eta haien eskura jartzea. 2019an 200 enpresatara iritsi zen, eta fase berri honetan kopuru hori bostehun enpresa ingururi egingo zaie.

Baina entzutea garrantzitsua bada, erantzuna ere garrantzitsua da. Horregatik, Lanabesek sektore sozioekonomikoari eskaintzen dizkion baliabideen kopurua handituko du. Alde batetik, eta oinarrizko prestakuntza zein garrantzitsua den kontuan hartuta, LANEKIren bidez, besteak beste, LP-duala sustatzen dugu. Lanbide Heziketako zentroak eta lantokiak prestatuko dira LP-duala euskaraz egiteko, eta tresna bat izango dute euskararen egoeraren diagnostikoa azkar egiteko LP-duala euskaraz egiten den hainbat enpresatan.

Aldi berean, Arabako Merkataritza eta Industria Ganberaren bitartez, banakako prestakuntza eta aholkularitza eskainiko da, hizkuntza kudeaketa negoziaturako tresnatzat har dadin.

Gainera, AENKOMER Merkataritza Federazioa euskarazko jardunbide egokiak zabaltzen ari da lurraldeko merkataritzan eta ostalaritzan, komunikazio-kanpainen bidez, sektoreari euskara normalizatzeko mezu positiboak emanez modu pribatuan, publikoan eta pertsonalizatuan, eta, bide batez, sektorearen interes-mailaren jarraipena eginez.

 

SEArekin hitzarmena

Baliabide berrien aurkezpenak balio izan du, halaber, Lanabesekin modu aktiboan lan egiten duten enpresei balioa emateko, eta horren adibide argia da SEA elkartea, Arabako enpresak. Duela urte batzuetatik sektorean euskararekin konprometituta, hilabete honetan bertan lankidetza-hitzarmen berri bat sinatu dute Lanabes programako ekintzak garatu eta koordinatzeko, enpresa-sektoreak hizkuntzakudeaketan parte har dezan sustatzeko, berrikuntza eta aukera bektore gisa. Zentzu horretan, Pascal Gomez SEAko presidenteak esan duenez, “gero eta enpresa gehiago ari dira euskara eguneroko kudeaketan barneratzen, bezeroekiko eta hornitzaileekiko harremanetan erabiltzen, nahiz eta guztiek ez duten aukera bera. Horregatik, SEA Arabako Enpresek euskararen erabilera enpresa-ingurunean hazten lagundu nahi dute, bi bidetan lan eginez: batetik, berrikuntzak euskararen hizkuntza-kudeaketan duen garrantzia zabalduz, eta, bestetik, kudeaketa garatzeko eta aplikatzeko hizkuntza-aholkularitzaren bidez, ekintza zehatzen bidez”.

Share

(Audioaz eguneratua) Automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreko bederatzi eragile nabarmenek bat egin dute Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab-ekin




  • Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatutako proiektua datozen asteetan jarriko da martxan, lehen enpresa, elkarte eta erakundeak sartu ondoren

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak – Mobility Lab

Automobilgintzaren eta mugikortasunaren sektoreetako lehen mailako bederatzi agentek bat egin dute gaur Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab-ekin, Gasteizko Udalak eta Arabako Foru Aldundiak bultzatuta. Atxikimendu horiekin, sustatzaileak hurbilago daude lurraldeak proba-banku gisa balioko duen zentro bat izatetik, etorkizuneko mugikortasun-sistemen ingurune errealari buruz, bai pertsonen garraioaren arloan, bai logistikaren arloan.

“Tamaina ertaineko hiri eta lurraldeen artean mundu mailan abangoardiako posizioa lortu nahi dugu, lehen mailako bazkide globalen eskutik irtenbide berritzaileak eta iraunkorrak erabiliz. Izan ere, elkarrekin egindako lanaren funtsezko helburuetako bat da enpresa, erakunde, ikerketa-zentro eta proiektuak identifikatzea, baldin eta, tokiko eremutik nazioartera, sektore publiko eta pribatuaren lankidetzaren aldeko ekimen batean bazkide gisa sartzen badira “, adierazi dute Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak eta Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Europa Jauregian gaur egin duten ekitaldian.

Vitoria-Gasteiz Araba Mobility Lab esploratzeko espazio fisiko bat izango da, logistikaren eta mugikortasunaren arloko berrikuntza baldintza errealetan garatu eta testatu ahal izateko. Horretarako, ekosistema gisa diseinatuko da, laborategiekin eta beste espazio batzuekin, proiektu eta lankidetza berritzaile aldeaniztunak egokitzeko. Oraingoz, epe laburrean landu beharreko arlo nagusiak eta gaurko akordioa formalizatu den formula zehaztu dituzte.

“Uste dugu Gasteiz Araba Mobility Lab ahalik eta eszenatoki onenean sortu dela: Europako erreferentziazko hiria da ingurumen-politiketan, eta Udalak eta Aldundiak mugikortasun iraunkorraren aldeko apustu irmoa egin dute, bizikletaren eta garraio publikoaren erabilera areagotzearen emaitza positiboekin”, adierazi du Gorka Urtaranek. “Osagai guztiak ematen dira, Gasteizek dituen indarguneetatik abiatuta, hiri-laborategi gisa bultza dezagun ingurune erreal batean, pertsonen eta salgaien garraioari erantzuna emango dioten etorkizuneko mugikortasun-sistemak kontrastatu eta sustatu ahal izateko. Agertoki ezin hobea da, eta Gasteiz Green Deal Planean bikain txertatzen den proiektua. Eta etorkizuneko mugikortasun hori eraikitzeko, enpresak eta erakundeak izan nahi ditugu, lankidetza publiko-pribatua sustatuz eta aliantzak eginez “, azaldu du alkateak.

Helburu horretarako, Mercedes-Benz, Michelín, Talgo, CIC EnergiGUNE, Tecnalia, Euskadiko Mugikortasun eta Logistika Klusterra, Arabako Parke Teknologikoa, UPV/EHU, Eusko Jaurlaritza eta Sernauto proiektuan sartzea funtsezkoa da proiektuaren etorkizunerako. Agente horiek datozen asteetan eratuko den Fundazioko kide izango dira, eta Mobility Lab-i hasiera emateko balioko du. Fundazioak patronatukideei eta proiektu zehatzetan lagundu nahi duten enpresei irekita jarraituko du.

“Mundua izugarri ari da aldatzen, eta egoera berri honek mugikortasun adimenduneko irtenbideak behar ditu. Mobility Labek, mugikortasunaren eta logistikaren alorreko berrikuntza-gune gisa, erantzun eraginkorrak eta jasangarriak emango ditu merkantzien eta pertsonen fluxuari dagokionez “, azaldu du Emilio Titos Gasteizko Mercedes Benz enpresako zuzendari nagusiak.

“Proiektu hau funtsezkoa da Arabarako eta Gasteizerako, ondo konektatutako lurralde baten eta lurralde industrial eta logistiko baten aldeko apustuan. Dagoeneko martxan dauden apustuen jarraipen logikoa da, hala nola ahalmen handiko garraio adimendunarena edo Forondako aireportua HUB logistiko bihurtzea. Etorkizunari begira ekimen horien guztien artean sinergiak ezartzeko asmoak proiektu estrategiko hau ekarri du”, gaineratu du Ramiro Gonzalezek. Mugikortasunaren arloan beste mugarri batzuekin egin duen bezala, Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiaren laguntza izango du berriz ere, etorkizuneko Gasteiz arabar guztiek nahi eta behar dutena izan dadin.

Orain arte egindako lanaren ondorioz, 3 ildo estrategiko nagusi eta lotutako 21 jarduera identifikatu dira. Ildo estrategiko horiek honela banatzen dira:

  • Berrikuntza erraztea, esperimentazio-espazioak sortuz eta proiektuak sustatuz.
  • Administrazio Publikoaren, enpresen eta ikertzaile- eta irakasle-agenteen arteko elkargune eta trukerako eta lerrokadurarako gune izatea.
  • Lankidetza tokiko, estatuko, Europako eta nazioarteko beste eragile batzuekin.

Hortaz, etorkizuneko Gasteiz Araba Mobility Lab programaren xedea izango da “Gasteizen eta Araban mugikortasuna eta logistika hobetzeko eta ehun ekonomikoaren lehiakortasuna bultzatzeko ekimenak, esperientziak eta pilotuak antolatzea, sistematizatzea eta artikulatzea”. “Mugikortasunean eta logistikan berrikuntza gune bat eraikitzea” izango du helburu, “Negozio aukerak sortuko dituena eta Gasteiz eta Arabarako politika eraldatzaileetan erreferente izango dena”.

 

Share

(Eguneratuta adierazpenekin) Gasteizko BEI ibilgailuaren lehen probak bidaiariekin

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gasteizko herritarrak BEIra igo ahal izan dira lehenengoz, ibilbidearen zati bat egin eta bide osoan zehar eskainiko dituen abantailak ezagutu. Mugikortasunaren Europako Astearen barruan eman da aukera ibilgailua martxan eta errei esklusiboen eta semaforo-lehentasunaren onurak ezagutzeko,  ‘Hiria nire autoa gabe’ egunarekin bat, zehazki.

BEI garraio-sistema jasangarriagoa, irisgarriagoa, berritzaileagoa eta seguruagoa izango da. Udalak 9 milioi euroko inbertsioa eginda, puntako teknologia izango duten 13 ibilgailu elektriko berriek Gasteizko 14 auzo elkartuko dituzte. TUVISAren 2. linean eskainiko dute zerbitzua, eta tarte osoan 3 milioi erabiltzaileri zerbitzua eskaintzeko ahalmena izango dute. Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren eta Arabako Foru Aldundiaren finantzaketa du.

Lehenengo bidaian alkate Gorka Urtaranek, Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok eta TUVISAko kudeatzaile María José Ajuriaguerrak hartu dute parte. Aldez aurretik izena eman zuten pertsonak ere igo dira BEI zerbitzua emango duten ibilgailuetako batera; bidaiak 13.00etan, 17.00etan eta 19.00etan hasi dira. Leku guztiak beteta zeuden.

“BEI iraunkorragoa, irisgarriagoa eta seguruagoa izango da. Eta hurbilago dago egunetik egunera. Irrikan gaude herritarrek probatzerik izan dezaten. Gaur bertan, Mugikortasunaren Astearen barruan, zenbait bidaia mugatu eta gidatu antolatu ditugu, lekua erreserbatuta. Lekuak beteta daude. Eta oso laster ikusi ahalko dugu funtzionatzen gure kaleetan, TUVISAren 2. linean zerbitzu ematen“, azaldu du alkateak gaur goizean.

Lehenengo bidaiak El Boulevardetik Mendizorrotzeraino joan dira. Ibilbidean BEIak aurki ditzakeen bidegurutze eta egoera mota guztiak ezagutu ahal izan dira, baita funtzionamenduan dagoenean izan ditzakeen abantaila guztiak ere, semaforo-lehentasunari eta errei esklusiboei esker. Orobat, TUVISAk aukera baliatu du balioztatzeko makina berrien funtzionamendua eta geltokien irisgarritasuna erakusteko. Esperientzian parte hartu duten herritarrek, berriz, bertatik bertara ezagutu ahal izan dute ibilgailua, baita abantaila guztiak ere.

 

 

 

Share