Prentsa oharrak

Prentsa Oharren banner

Herrandarren kalea eraberritzea eta Oroimenezkoaren ingurunea egokitzeko obren hirugarren fasea nabarmentzen dira Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailaren aurrekontuan, zeina % 12 hazi baita

Gasteizko Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak 33 milioi euroko aurrekontua izango du datorren ekitaldian, udal-gobernuak aurkeztutako kontu-proiektuaren arabera. Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren zinegotzi Raimundo Ruiz de Escuderok baieztatu du aurrekontua asmo handikoa dela eta aurreko urtearekin alderatuta % 12 hazi dela. “Mugikortasun iraunkor eta osasungarriaren aldeko apustua egiten dugu, tranbia luzatuz eta BEI abian jarriz. Garapen Jasangarriaren Helburuek markatzen diguten bidetik joateko aukera emango diguten proiektuak garatzen jarraitzen dugu. Eta, gainera, prest egongo gara europar funtsak lortzeko“, ziurtatu du zinegotzi ordezkariak.

Sailaren aurrekontu-proiektuak jasotzen dituen esku-hartze guztien artean, bi obra nabarmentzen dira, “ilusio handia ematen digutenak: Oroimenezkoaren ingurunea eraldatzeko hirugarren fasea, eta, batez ere, Herrandarren kalearen eta José Mardones kalearen ardatza eraberritzea. Nire ustez, proiektu horrek Gasteizko ADNan dauden ezaugarri asko bil ditzake: Herrandarren kalea birnaturalizatu nahi dugu, konektore berde handi bihurtzeko. Asfaltozko kale hori pasealeku handi bihurtu nahi dugu, lorategiak, hiri-baratzeak, ur-eremuak eta jolasteko guneak dituen ibiltoki handi bat“, azaldu du Raimundo Ruiz de Escuderok.

Herrandarren eraldaketarako aurreikusitako lehenengo jarduketa handia ekialdeko zirkulazio-galtzadak batzea izango litzateke, eta Herrandarren kaleko zirkulazioa José Mardones kalearen ondora aldatuko. Hartara, orain asfaltatuta dagoen azalera handi bat libre geratuko litzateke oinezkoentzat. Puntu horretan, hiriko bide berde bat sortuko litzateke, kilometro erdiko bulebar berde zabal bat. Esku-hartzearekin batera bidegorri berriak egingo dira bi norabideetan, baratzeetarako eta aisialdiko ardatz bat (joko naturalizatuak dituen parke bat barne) eta laku bat (euri-uren urmael gisa); orobat, Herrandarren Institutuaren ondoan dagoen kirol-eremuan berdegunea jarriko da, eta erabilera berria emango zaio autobus-geltoki zaharrari.

Oro har, diseinatutako aurrekontuak Sailaren eta gobernuaren sei ardatz estrategikoak garatzen jarraituko du: “Kanpoaldera eta barrualdera konektatutako hiria eta mugikortasun iraunkorra”, “Bizi-kalitatea eta kohesioa”, “Hiriko ekonomiaren finkapena”, “Hiri berde eta iraunkorra”, “Harro egoteko moduko hiria, mundura irekia” eta “Gobernantza: kudeaketa eraginkorra, arduratsua eta irekia”.

Horretarako, alderdi hauekin lotutako partida ekonomikoak aurreikusi dira: BEI martxan jartzea eta tranbia Salburura eta Zabalganera hedatzea; bide-segurtasuna sustatzea; bizikleta-konexioak areagotzea; Gasteizko auzoetan obrak eta inbertsioak egitea, hala nola Aldabe kalearen ingurua oinezkoentzat bihurtzea edo emisio txikien lehen eremua diseinatzea; hiri-mantentzea eta argiteria elektrikoa hobetzea; asfaltoa berritzea; zuhaiztiekin eta auzoetako azpiegitura berdearekin lotutako esku-hartzeak, superetxadien garapena, trafikoa hobetzea, Mobility Lab martxan jartzea, eta beste.

“Prest gaude gizarte gasteiztarrak testuinguru zail honetan jotzen dizkigun erronkei aurre egiteko. Eman dezagun guztiok maila eskakizun horiek betetzeko“, esan du Raimundo Ruiz de Escuderok.

 

 

Share

Herrandarren kalea birnaturalizatzeko proiektuari esker bulebar berri bat irabaziko du hiriak, orainarte baino berdeagoa eta batez ere oinezkoentzat

– Udal-gobernua finantziazio bila dabil Europako funtsetan, hiri-zidor handi bat, lorategiak, hiri-baratzeak eta jolasguneak egingo dituen obrari ekin ahal izateko

 – Gorka Urtaranek iragarri du Udalak beste proiektu bat ere aurkeztuko duela Europako laguntzetara, egungo bidegorri-sarearen mantenimendua hobetzeko eta 24 kilometroan luzatzeko

 – Trantsizio energetikoko udal-planak ateak irekiko dizkio 120 milioi watioko planta fotovoltaiko bati, % 20an gainditzen duena Euskadirako diseinatutako handiena (Ekienea)

 

Gorka Urtaran alkateak Herrandarren kalea birnaturalizatzeko proiektua iragarri du gaur goizean. Proposamen horri esker, oinezkoak izango dira aurrerantzean protagonista nagusi, kalea hiri-azpiegitura berdeen irizpideei jarraiki zaharberritu ostean. Gasteizko Udalaren Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren Sailak kalea goitik behera aldatzeko diseinua osatu du dagoeneko, eta orain udal-gobernua obrei ekin ahal izateko beharrezko finantziazioa Europako suspertze-funtsetatik lortzeko lanean ari da. Laguntza horien artean badira ekosistemak eta horien baitako biodibertsitatea zaindu eta berreskuratzeari zuzenduak, bai eta hiriguneetan azpiegitura berdeak egiteari ere. Herrandarren kaleko proiektua ezin hobeto txertatzen parametro horietan.

“Herrandarren kalea birnaturalizatu nahi dugu, hartara bide berde eder bat bihurtzeko. Gaur egun asfaltozko kalea dena ibilbide handi bihurtu nahi dugu, hiri-zidor ederra, lorategi, hiri-baratze, jolasgune eta ur-txokoz hornitua. Proiektua ia-ia amaituta dago, Estatuaren deialdia noiz aktibatuko zain”, jakinarazi du alkateak udal politikari buruzko eztabaida orokorrean.

Herrandarren kalea aldatzeko lehen esku-hartzea handiari esker ibilgailuentzako galtzadak Ekialdean bilduko dira, hartara Herrandarren kaleko trafikoa Jose Mardones kalera aldatuko delarik. Horren ondorioz, oraingoz asfaltutako azalera handi bat askatuko da oinezkoentzako. Leku horretan hiri-zidor berde bat sortuko da, kilometro erdiko bulebar berde ederra.

Horrekin batera zenbait azpiegitura egingo dira: bidegorri berriak noranzko bietan, baratze-gune bat, aisialdi- eta jolas-gunea, euri-urez hornituko den urmaela, Herrandarren kaleko institutuaren ondoko kirol-gunea berdetuko da eta erabilera berria emango zaio autobus-geltoki ohiari. Izan ere, gaur egun bertan dauden haurrentzako jolasak kendu ondoren (Arana eta Estenaga Apezpikuaren kaleen arteko ingurura eramango dira, eta pergolen azpoian babestuko), autobus-geltoki ohiari bestelako erabilera emango zaio. Batetik, bizikletentzako aparkalekua izango da. Eta bestetik, salgaiak banatzeko gunea, inguru horri guztiari zerbitzu emateko.

Herrandarren kalearen zaharberritzea da Gorka Urtaranek planteatzen duen superhiri europarren eredua garatzeko proiektu garrantzitsuenetako bat. Baina ez bakarra. Izan ere, Gasteizko alkateak xede berbera duten beste esku-hartze batzuk iragarri baititu:

-Bizikleta bidezko mugikortasunari dagokionez, Udalak bizikletaz ibiltzeko sarea hobetu eta handitzeko plana ere erregistratuko du Europako funtsen deialdian. Plan horrek egungo bizikleta-erreien sarea (171 kilometro) onik zaindu, konpondu eta eguneratzea, Bizikletaren Gida Planaren araberako sare nagusia osatzea (24 kilometro berri), eta industrialdeetara joateko loturak finkatzea aurreikusten du.

-Era berean, Gasteizek 2030 klimaren aldetik neutroak izango diren Europako lehen 100 hirietako bat izateko hautagaitza aurkeztuko du.

-Gainera, datorren astean udal-gobernuak trantsizio energetikoko udal plana aurkeztuko du, zeinak Gasteizen 120 milioi watioko potentzia fotovoltaikoa instalatzeko aukera emango baitu. Potentzia horrek % 20an gainditzen du Euskadirako diseinatu den planta fotovoltaiko handiena, Ekienea.

 

Garraio publiko ea pribatua

Garraioa da Agenda gasteiztarraren estrategiaren beste ardatzetako bat. Horrenbestez, alkateak bi helburu nabarmendu ditu garraio publikoaren alorrean. Lehena, sistema digitalizatu, elektriko eta bidaiari kopuru handia hartzeko modukoak ezartzen jarraitzea (esaterako tranbia Salburura eramatea, BEA abian jartzea), hartara 2023an joan-etorrien erdia garraiobide elektrikoetan egin daitezen. Eta bigarrena, TUVISAren flota eguneratzea. Ildo horretatik, Autobus Elektriko Inteligenteak azken teknologiako 13 ibilgailu elektriko ekarriko ditu Gasteizera, Udalak 9 milioi euro inbertitu ondoren.

Baina horrez gain, beste bi neurri iragarri ditu ibilgailu pribatuei begira. Batetik, hiriaren Hegoaldean beste disuasio-aparkaleku bat eraikitzea, Gasteizko mendatetik behera A-2124 errepidean barrena hirira sartzeko gunean. Eta bestetik TAO zerbitzu beri bat, modernizatu eta diugitalizatua, “erraz, azkar eta erosoagoa”, zein aurreikusitako TAO guneak handitzeko lanak aprobexatuz ezarriko baita.

Gainera, Gorka Urtaranek hiriaren etorkizunerako funtsezko hiru proiektu babestera animatu ditu Udaleko talde politikoak: VIAPen eraikuntza Forondako aireportuan, Abiadura Handiko Trena hartu eta lurperatzea, eta automozioaren alorrean fabrikazio aurreratuko zentroa, sektoreari laguntzeko. “Seguru asko, horixe izango da Gasteizek berreskupenaren aldeko Europako estrategiaren bidez jorratuko duen proiektu anbiziotsuena”, esan du alkateak. “Gure enpresen etorkizunak baldintzatuko hiriarena. Jar gaitezen gure enpresen alde, berritzaile izan daitezen”, esan du.

 

Share