Prentsa Oharren banner

Udalak eten egin du lizentziak emateko izapidetzea udalerriko 25 hirigintza-sektoretan

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eguneratzen ari den honetan, nahitaez egin beharreko izapidetzea da, zeinak bere horretan utziko baitu urtebeteko epean, gehienez jota ere, Udalbatzak onetsi duen Irizpide eta Helburuen dokumentuarekin bat ez datozen baimen-eskaerak

 

Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eguneratzeko prozesuak urratsez urrats ari da, Hasierako Onespenerako bidean. Aurrerapena egiteko erabakiaren ostean, eta Udalbatzak Irizpide eta Helburuen dokumentuari oniritzia eman diolarik (agiri horretan zehazten baitira Gasteizko aurrerantzeko hiri-garapenaren nondik norakoak), Urtaran gobernuak  Irizpide eta Helburuen Dokumentuan xedatutakoaren kontra jo lezaketen hirigintza- eta baimen-lizentziak emateko izapidetzak etetea onetsi du gaur. Hain zuzen ere, etenduraren aplikazio-eremua HAPO berrikusteko agiriaren aurrerapenak desklasifikatzeko proposatzen dituen sektoreak dira, bi salbuespen izan ezik: 14. Sektorea, Salburua eta Zabalganeko hirigintza hitzarmenean sartzen delako, eta 32. Sektorea (Krispiña), maiatzetik aurrera baduelako Urbanizazio Proiektuaren behin betiko onespena.

Horrenbestez, etenak udal-mugarteko 25 sektoreri eragingo die, gehienez ere urtebeteko eperako, lurzoruari eta hirigintzari buruzko Legeak xedatzen duenari jarraiki, hain zuzen ere sektore hauei: 17. sektorea (San Prudentzio Hegoa hedatzea), 18. sektorea (Elorriaga-Arkauti), 22. sektorea (Aberasturi), 23. sektorea (Amarita), 24. sektorea (Andollu), 27. sektorea (Argandoña), 28. sektorea (Ariniz), 30. sektorea Berroztegieta, 31. sektorea (Gaztelu), 33. sektorea (Gamarra), 34. Sektorea (Gamarragutxia), 35. Sektorea (Gometxa), 36. sektorea (Otobarren), 37. Sektorea (Otogoien), 38. sektorea (Ilarratza), 41. sektorea (Mendoza), 42. Sektorea (Miñao), 44. Sektorea (Monasterioguren), 45. Sektorea (Otazu), 46 (Erretana), 47. Sektorea (Subijana de Álava), 48. sektorea (Uribarri Arratzua,) 49. Sektorea (Uribarri Nagusia), 51. Sektorea (Villafranca) eta 52. sektorea (Zerio).

Alkateak azaldu duenez, “hutsik dauden zuzkidurazko lursail eta espazio libre gehiegi daudela egiaztatu du HAPOren Berrikuspenaren Aurrerapenak; horrenbestez, bistan da etorkizuneko beharrei (etxebizitza, zuzkidura zein espazio libreen beharrei) aurre egiteko adina lurzoru sailkatu daukala udalerriak gaur egun. Horregatik, ez da inolaz ere lurzoru gehiago sailkatzerik proposatzen, ez eta urbanizatu ezineko lurzoru gehiago okupatzea ere; aldiz, xedea indarreko planeko sektoreetako batzuk desklasifikatzea komeni den edo ez aztertzea da. Hain zuzen ere, lan hori gainbegiratzen ari dira talde politikoak Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilean”.

Ildo beretik, Gorka Urtaranek gogorarazi du Irizpide eta Helburuen dokumentuak “hiriari loturiko urbanizatu gabeko sektoreak desklasifikatzea aurreikusten duela (Salburua eta Zabalgana birpartzelatzearekin lotuta ez dauden sektoreak), uste baita garapen horiek ez dietela irtenbiderik ematen hiriaren egungo arazoei, eta gainera sakabanaketa eta trinkotasunik eza eragiten dutela”.

“Irizpide-aldea dago indarreko plangintzaren eta haren berrikuspenaren artean zenbait auziren inguruan, esaterako lurzoruaren sailkapena ez urbanizagarrira aldatzeko aukerari buruz; horrek  Udala jorratzen ari den berrikuspenaren kontrako gerta litekeen hirigintza-jarduera ororen aurrean segurtasun juridikoa bermatzea eskatzen du. Funtsean, xedea aurrerapena egiteko erabakia hartzen denetik eta berrikuspenari hasierako onespena ematen zaion bitartean segurtasun juridikoa babestea da, gerta baitaiteke interes kontrajarriak egotea planeamendua aldatzeko aurreikuspenen inguruan, HAPO berrikusteko prozesuan ikusten ari denez“, azaldu du alkateak.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Share

Gasteizek azaldu du zertan den hiri-plangintza berrian genero-ikuspegia sartzeko bere eredua

Gaur, Ana Oregi alkateordeak parte hartu du “Ciudades Sostenibles, un reto para el liderazgo femenino en demanda de instituciones sólidas” topaketan, zeina Pontevedrako Diputazioak antolatu baitu.

Gaur, alkateorde eta Lurraldea eta Klimaren aldeko Ekintza Saileko zinegotzi Ana Oregik azaldu du zertan den Gasteizko udalerriko hiri- eta lurralde-estrategietan genero-ikuspegia sartzeko eredua, “La Agenda 2030 y el papel de las mujeres en la administración pública del futuro” izeneko jardunaldien esparruan. Zehazki, “Ciudades sostenibles: un reto para el liderazgo femenino en el mundo local en la procura de instituciones sólidas” topaketan, zeina Pontevedrako Diputazioak antolatu baitu.

Ana Oregik azaldu du zer lan egin den Hiri Antolamenduko Plan Orokor berriaren aurrerapenarekin batera. Horretan, aztertu da HAPOren zein proposamen eta ekintza diren berdintasunaren aldeko eta esplizitatu eta aintzatetsi beharrekoak; genero-ikuspuntutiko hobekuntzak jaso ditu aurrerapeneko neurri eta konponbideetarako; jasota ez zeuden eta txertatu beharko liratekeen proposamenak eta ideiak proposatzen ditu; plangintzaren osagarri diren politikak identifikatzen ditu, eta beste hiri batzuetako adibideak aztertzen ditu.  Lan hori guztia “Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian genero-ikuspegia sartzea” dokumentuan jaso da, eta hura orain batzorde txostengilea berrikusten ari den plangintzaren dokumentazioaren eta izapidetzearen parte dira.

Gasteiz bizitzeko hiri eroso eta erraza izan da, berdinzale samarra, eta gizarte-laguntza sendoak eta zerbitzu eta ekipamendu onak zituen, baina eredu hori aldatu da, edo zenbait joerak gainditu dute. Horietako batzuk espontaneoak dira; beste batzuk, berriz, kohesio hura hautsi duten erabaki publikoen ondorio dira: hiri berria pribatizatuagoa da, lurraldean zabalagoa, gizarte-taldetan eta auzotan zatituagoa, eta bidea eskatzen duten eragile berriak ere baditu: gazteak, etorkinak, emakumeak, adineko pertsonak, dibertsitate funtzionala duten pertsonak, LGTB+ biztanleria… eta horiek guztiek auzitan jartzen dute aurreko eredua hain kohesionatu eta bidezkoa zenik. Funtsezko deritzogun dilema honen aurrean, genero-ikuspegia interesgarria da haren muin-muinean baitago: galdetzen du nola eskaini segurtasuna eta berdintasuna biztanle guztiei gero eta banakakoagoa den gizarte batean taldeen eta gizabanakoen ezberdintasuna eta emantzipazioa sakrifikatu gabe”, azaldu du Ana Oregik.

Ildo horretan, alkateordeak nabarmendu duenez, dokumentuan “ongizatearen kontzeptu berri bat eskatu, eta proposatzen da: gizarte-taldeen artean ondasunak eta zerbitzuak banatu ez ezik, hura egiteko orduan, pertsona gehiagoren hautatzeko eta asebetetzeko aukerak handitu daitezen moduan egitea. Hala, etxebizitza-politika ez da izango etxebizitzak arrazoizko prezioan eskaintze hutsa, baizik eta, horretaz gain, tipologia-, erabilera-, jabetza- eta sarbide-aniztasuneko baldintzetan eskaintzea, oraindik ezagutzen ez ditugun beste bizikidetza- eta familia-era batzuk posible izan daitezen. Eta, gainera, kontuan hartuko da zer eragin izango duten auzoen konplexutasunean eta errenten eta adinen nahasketan, eta saihestuko da eremu batzuk hobetzeak beste eremu batzuk hustea ekartzea, eta abar. Gauza bera esan liteke mugikortasunari, espazio publikoari, ekologiari eta ekonomiari buruz: kontua ez da esparru neutral edo huts bat eskaintzea, baizik eta taldeen eta lurraldeen arteko oinarrizko berdintasunari eutsiko dion, baina aldi berean barne-bereizketa eta asmaketa sozialeko ahalmena sustatuko dituen asmo handiko proposamen bat egitea.

Plan Orokor batek ilusioa pizten duen etorkizunerako proiektua behar du izan, eta askotariko itxaropen eta interesak batu, irudi komun baten inguruan. HAPOa ez dokumentu “tekniko” hutsa; aitzitik, hiriaren eredu baterako proposamen politiko baten isla teknikoa da. Generotiko ikuspuntua aplikatzean, ezinbesteko irizten diogu lehentasunak eta hiri-ereduaren helburuak aldatzeari, eta hori, izan ere, inplizitu dago plangintza berriaren proposamenean”, amaitu du Ana Oregik.

“Hiri Antolaketarako Plan Orokor berrian genero-ikuspegia sartzea” 

Share

Udalak datozen hilabeteetan itxiko du Gasteizen etorkizuneko behin betiko jarraibideak zehazten dituen dokumentua

Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren lantaldeak gaur goizean ekin dio Gasteizko plangintza berriaren azken idazketaren oinarri izango diren Irizpide eta Helburuen zirriborroa, sektore-txostenak eta alegazioen eta herritarren parte-hartzearen emaitzen txostenak aztertzeari. Datozen hilabeteetan, udaleko talde politikoek eta berrikuspenaz arduratuko diren teknikariek etorkizuneko Vitoria-Gasteizen behin betiko jarraibideak ezartzen dituen irizpide eta helburuen dokumentua itxiko dute, Aurrerapenaren testuak eskaintzen zituen aukeren artean behin betiko aukeren alde egiten duena.

Datozen hilabeteetan, batzorde txostengileak Irizpide eta Helburuen behin betiko dokumentua itxiko du, eta Plan Orokorra idatzi duen taldearen oinarria izango da azken dokumentua prestatzeko. Dokumentazio hori ingurumenaren, zuzenbidearen eta teknikaren arloko azterlan eta txostenen mende jarriko da ondoren, eta dagokien administrazioei bidaliko zaie, ekarpenak egin ditzaten.

Gainera, aldi berean, datozen 9 hilabeteetan txosten espezifikoak egingo dira planaren erabaki-arloei eta -eremuei buruz.

Share

Alkateak Gasteizen interesa jarri du guztiaren gainetik Subillan gasa dagoen ikertzeko lizentzia eman ala ez erabakitzerakoan

Gorka Urtaran bat dator Energiaren Euskal Estrategiarekin, baina hiriaren eta Plan Orokorraren defentsa lehenetsiko ditu gauza guztien gainetik

 

Gorka Urtaran alkatearen adierazpenak

Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi duenez, trantsizio energetikoari aurre egiteko irizpideak edozein direla ere, udalerrian gasa dagoen ala ez ikertzeko baimenaren inguruan Gasteizen defentsa lehenetsiko du.Lehentasuna Plan Orokorra eta udaleko hirigintza-arauak defendatzea da“. Orain eta beti, hemen eta beste edozein lekutan, beti defendatuko dut Gasteizen interes gorena“, azaldu du.

Alkateak azaldu duenez, Subillan gas naturala dagoen ala ez ikertzeko proiekturako udal lizentzia eskatu da, baina Udala ez da ekimen horren sustatzailea edo arduraduna. “Lurpean zer dagoen jakin nahi da, eta Udalak oraindik ez du iritzirik eman lizentzia emateari buruz. Hirigintza eta legedi azterketaren zain gaude”.

Gorka Urtaranek adierazi du guztiz bat datorrela Energiaren Euskal Estrategiarekin, “errealista delako eta ahalik eta eperik laburrenean % 100 berriztagarriak eta erabat garbiak diren energiak erabiltzea errazten duelako“. Helburu hori lortu artean, ordea, “urte batzuetan trantsizio aldi bat igaro beharko dugu, % 100ean energia berriztagarriekin elikatzeko helburu hori lortu arte“, zehaztu du.

Gogora ekarri duenez, “duela gutxi, Europako Batzordeak berriro esan du gasa ez dela trantsizio-energia txarrena. Gasa trantsizio-energia gisa onartzen da nazioartean, ikatzaren errekuntzaren CO2 erdia isurtzen duelako. Horregatik, trantsizio garairako zero kilometroko gasaren aldeko apustua egiten dut. Gas-garraioaren ingurumen-kostuagatik, sektorean lan egiten duten pertsonen lan-baldintzengatik, erauzketa-teknikengatik eta abarrengatik besterik ez bada, justifikatuta dago hemen egitea milaka kilometrora egitea baino”.

Urtaranen ustez, herritarrek eskubidea dute beren udalerrian energia-baliabiderik dagoen ala ez jakiteko, betiere ingurumena ahalik eta gehien errespetatuz egiten bada. Nolanahi ere, honako ideia hau azpimarratu du: “ni Gasteizko alkatea naiz beste ezeren gainetik, eta Hiri Antolamenduko Plan Orokorra eta udal ordenantzak defendatuko ditut, beste edonork bezala, gure udalerria arautzeko eta babesteko xedatu baititugu horiek. Gasteiz da nire interes gorena. Herritar guztiak ordezkatzen ditut, orain eta beti, hemen eta beste edozein lekutan, eta beti defendatuko dut Gasteizen interes gorena”.

Horrenbestez, txosten teknikoak ikerketa baimentzen ez badu, alkateak oso argi dauka hiriaren interes orokorra guztiaren gainetik dagoela. “Ez dut Gasteizen interes orokorra inongo estrategiaren mende jarriko, ez energiarenean, ez bestelakoetan, ados egon arren. Ororen gainetik, nire hiriko alkatea naiz eta hiria defendatzeko nago hemen“, amaitu du.

 

 

 

Share

Gasteizek ekainean ekingo dio berriro udalerriko hirigintzaren etorkizuna zehazteko partaidetza-prozesuari

 

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengileak erabaki du berriro martxan jartzea —kontu handiz— osasun-krisiaren eragina murrizteko prebentzio-neurriengatik bertan behera utzi behar izan ziren lantegi eta saioak

 

Osasun-krisiaren eragina murrizteko prebentzio-neurrietako bat izan zen prozesu hori bertan behera uztea. Gasteiz Berrasmatu prozesuaren barruan berriro jarriko dira martxan aurreikusitako jarduerak, deskonfinamenduaren egoera berrira moldatuta, herritarrek udalerrirako hirigintza-plangintza berria ezagutu eta proposamenak aurkezterik izan dezaten.

Hiri Antolamenduko Plan Orokorrari buruzko batzorde txostengilea gaur bildu da, eta talde politikoek eta teknikariek erabaki dute berriro ekitea Mugi ezazu fitxa eta… har ezazu parte Gasteizko etorkizuna diseinatzen! lema duen partaidetza-prozesuari. Horren bidez, era didaktiko eta ulergarrian ezagutarazi nahi dira udalerrirako hiri plangintza berriaren sei ardatzakhiri trinkoa, nekazaritza-ingurunea, ondarea, iraunkortasuna, ekonomia suspertzea eta herritarrak.

“Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria lantzeak hirigintza araudia egokitu eta eguneratzea eta etorkizunean izan nahi dugun udalerria planifikatzea dakar berekin. Indarrean dagoen plana 2003koa da, eta hiriaren egoera, ingurune sozioekonomikoa eta araudi zein legeak nabarmen aldatu direlarik, hori ere berritu beharra dago. Gasteizek hiri-eredua birplanteatu beharra du, hiri kohesionatua izan dadin, inklusiboa eta aintzat hartzen dituena zorua okupatzeko modua, dentsitateak, hiriaren proiektu estrategikoak, nekazaritza-inguruaren garrantzia eta iraungarritasun-irizpideak” azaldu du Lurraldearen eta Klimaren aldeko Ekintzaren zinegotzi Ana Oregik.

Ekainetik aurrera, Udalak egokitu egingo du herritarrei HAPOaren aurrerapena ezagutarazteko eta haien iradokizunak eta alternatibak jasotzeko oraindik egiteke dauden lantegi eta saioen formatua. Taldeen kopurua handituko da, taldeak txikiagoak izango dira; eta teknologian oinarritutako espazio eta modu berriak eskainiko dira lan egiteko.

Behin aurrerapenaren agiria jendaurrean erakusteko izapidea bete eta Aholku Kontseiluak nahitaezko txostena egin ondoren, eta herritarrei, udal mugakideei eta administrazio batzarrei irekitako parte hartzeko fase berri hau amaituta, irizpideak eta helburuak zehaztuko dira, eta hasierako onespenaren agiria osatuko duten proposamen xeheak. 

Udalaren www.vitoria-gasteiz.org/berrasmatu web-orrian eskuratu ahalko da informazio guztia, baita Udalaren sare sozialetan (#reimagina) ere.

Share