Prentsa Oharren banner

Egoera sanitario berrira egokitu ditu Udalak elikadura osasungarria sustatzeko ikastaroak

Osasun-larrialdia bukatu delarik, Gasteizko Udalak gizarte-etxeetan eta ikastetxeetan elikadura osasungarria sustatzeko egiten dituen ikastaroetako jarduerak berreskuratzeko aukera suertatu da. Lantegien programazioan behar izan diren egokitzapenak egiten ari dira, orain arte mugatuta zeuden jarduerei berriro ekin ahal izateko.

Zehazki, gizarte-etxeetako sukaldaritza-ikastaroetan berriro izango da aukera jakiak dastatzeko. Horretarako bakarrik kendu ahal izango dute maskara parte-hartzaileek, eta, nahitaez, talde txikitan egingo da dastaketa. Nahi duenak, berriz, ontzi batean eraman ahal izango du bere partea, gelan bertan jan ordez.

“Aurten, elikadura osasungarriari buruzko ikastaro eta lantegiek ahalegin handia egin dute edukiak espezializatu eta dibertsifikatzeko, nutrizioaren inguruko zalantza berriei erantzuteko. Dastaketaren gisako jarduerak osorik berreskuratu ahal izatea, edukierak berreskuratu ondoren, beste pizgarri bat dugu”, adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lópezek.

Elikadura osasungarriari buruzko ikasleentzako ikastaroen kasuan, lantegira eramango dituzten elikagaiak haiek aukeratzeko aukera berreskuratuko da. Osasun-larrialdiak iraun bitartean, ez zegoen halako aukerarik, eta banaka banatzen ziren elikagaiak, aukeratzeko aukerarik gabe.

Osasun Publikoaren udal-zerbitzuaren mendeko instalazioei dagokienez, ikasleek laborategira egiten zituzten bisitei ekingo zaie berriro.

Animaliak Babesteko Zentroko aldez aurreko hitzorduari eutsi egingo zaio, ohiko antolamendu- eta funtzionamendu-eskemaren parte izaki. Animaliak modu arduratsuan edukitzeari buruzko ikasleentzako prestakuntza Animaliak Babesteko Zentroan bertan emango zaie berriro nahi duten ikastetxeei, berek ezarritako segurtasun-protokoloari jarraituz.

 

Share

Udalak leku gehiago eskainiko du gizarte-etxeetako, kirol-instalazioetako eta BIZAN sareko jardueretan

Eusko Jaurlaritzak edukiera % 75era handitu duenez, jende gehiagok eman ahalko du izena ikastaro askotan

 

Udalak urriaren 4an irekiko du gizarte-etxeetako, kirol-instalazioetako eta adinekoen BIZAN sareko jardueretako leku libreetan izena emateko epea. Covid19ari aurre egiteko osasun-jarraibide berriek ikastaroak egiten diren guneen edukiera % 75era handitzeko aukera ematen dute, eta Gasteizko udalak horietako askotan leku kopurua handitzea erabaki du.

Hutsik geratu diren lekuen zerrenda irailaren 29an argitaratuko da udalaren webgunean. Jarduerak programatzeaz arduratzen diren sailak aztertzen ari dira zein ikastarotan den bideragarri parte-hartzaileen kopurua handitzea.

Irailaren 29tik urriaren 3ra bitartean informazio- eta kontsulta-aldi bat egin ondoren, urriaren 4ko 8:30ean irekiko da leku libreetan izena emateko epea. Hainbat bide egongo da horretarako: udalaren webgunea (gomendatua), 010 telefonora deitzea, edo aurrez aurre egitea edozein gizarte-etxe edo kirol-instalaziotan.

Jarduera hasita badago, prezioa murriztu egingo da, parte-hartzerik izan ez den saio-kopuruaren arabera.

Prozesu honek ez die eragingo genero-berdintasunerako jarduerei, euskara ikastaroei, ingurumen hezkuntzarekin zerikusia duten jarduerei, eta Gauekoak eta Xtraclub programei. Hala ere, jarduera horietako batzuetan handitu egingo da leku-kopurua, eta eutsi egingo zaie izena emateko aurreikusitako epeei. Era berean, igerilekuetako jardueretan oraingoz ez dira plazak handituko, aldagelen erabileraren mugek indarrean jarraitzen baitute.

 

 

 

 

 

 

Share

Elikadura osasungarria sustatzeko ikastaroak berritu ditu udalak, gizarte-etxeetako jardueren denboraldi berrirako

 

  • Iraupen desberdinetako lantegi espezializatu ugari eskainiko da.

 

Osasuna sustatzeko atalak berrikuntza garrantzitsuak izango ditu gizarte-etxeetako 2021-2022ko jardueren programan. Gasteizko Udaleko Osasun Publikoaren Zerbitzua elikadura eta bizimodu osasungarria sustatzeko lantegiak eta ikastaroak berrantolatzen ari da  Amaitu den denboraldian hainbat proposamen berritzaile sartu ziren, baina berrikuntza nabarmenagoa izango da udazkeneko jarduerak hastean.

Espezializazioa izango da programazio berriaren bereizgarria. Aurreko urteetan, lantegiek gai orokorrak zituzten, baina datorren denboraldirako eduki espezifikoak prestatu dira; adibidez, lekaleak, barazkiak, gozogintza…. Espezializazio hori dela eta, elikaduran gaur egun dauden joerak landuko dira, esaterako batch cooking teknika, edo gosari, hamaiketako eta askari osasungarriak egiteko ideia berritzaileak…

Jardueren iraupena ere berrikuntza izango da, izan ere, saio bateko, biko, hiruko eta lauko lantegiak daude, aurreko denboraldietako hiruhileko lantegiez gain. Beste aldaketa garrantzitsu bat da dietista eta sukaldeko profesionalak batera izango direla lantegi gehienetako saio batean, eta hartara teoria eta praktika aldi berean egingo dira, mezua indartuz.

Halaber, aipagarriak dira elikadurarekin lotutako hainbat alderdiri buruzko berariazko hitzaldien eskaintza anitza eta hainbat lantegi ingelesez eta euskaraz izatea.

“Datorren denboraldian, elikadura osasungarrira hurbiltzeko aukera handiagoa izango dute herritarrek. Osasun Publikoaren Zerbitzuak lantegi-eskaintza anitza, interesgarria eta berritzailea prestatu du, egun elikadura eta nutrizioaren inguruan sortzen diren zalantza ugariri erantzuteko eskaintza” adierazi du Kirol eta Osasun zinegotzi Livia Lopezek.

Hainbat gai lantzeko aukera dugu lantegietan: haurren elikadura, sasoiko barazkiak, artea frutarekin, smothieak prestatzea, “clean baking” gozogintza, glutenik gabeko sukaldaritza edo Gabonetako lantegi bereziak, errezeta osasungarri merkeak prestatzen ikasteko. Halaber, hitzaldietan ere aukera anitza dago, eta gai hauek jorratuko dira, besteak beste: nutrizio-etiketen irakurketa, elikadura eta diabetesa eta “mindfull eating”.

Indarrean dauden osasun-neurriak direla eta ezin da lantegietan prestatutakoa sukaldean dastatu, eta hori dela eta, lantegietako parte hartzaileek tuper bat eraman behar dute.

Elikadura osasungarria sustatzeko lantegiez gain, bizimodu osasungarrirako funtsezko alderdiei buruzko bi modulu berezi gehitu dira:

  • “Hobetu zure osasuna” programa: Bizi-ohitura osasungarriagoak eskuratu nahi dituzten 18 urtetik gorako pertsonei zuzenduriko osasun-programa.  Aldaketa eraginkor eta osasungarri bat egiteko tresnak emango zaizkie parte-hartzaileei, psikologiaren, sukaldaritzaren, erizaintzaren, nutrizioaren, jarduera fisikoaren eta loaren alorreko profesionalen eskutik.
  • Ongizate emozionalerako programa. Ordu eta erdiko hiru saioko lantegia, COVID egoerak eragindako herritar orori zuzenduta, egoera zailak gainditzeko gaitasuna indartzeko beharra antzeman baitzen. Psikologiaren arloko aditu batek hainbat tresna emango ditu emozioak kudeatzeko, erresilientzia handitzeko eta egunero sortzen diren arazoei modu osasungarrian aurre egiteko, estrategia kognitibo eta emozional errazak aplikatuta.

Elikadurari buruzko lantegiei dagokienez, hau da horien deskribapen laburra.

  • Haurren elikadura: 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzako sukaldaritza-lantegia (hiruhilekoa). Hainbat errezeta egingo dira, batez ere, fruta, barazki eta lekaleekin, eta umeek gosari, hamaiketako eta askari alternatiboak, elikagarriak eta osasungarriak prestatzen ikasiko dute haien eguneroko bizitzan egin ditzaten.
  • Batch cooking: Bi orduko saio honetan, aste osorako menu osasungarri bat ordu eta erdian prestatzen irakatsiko dute dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek
  • Elikadura osasungarria: Elikadura eta sukaldaritza osasungarriari buruzko hiruhileko lantegia. Sukaldaritzako eta dietetika eta nutrizioko profesionalek elikagai-talde desberdinetako errezeta osasungarriak egingo dituzte eta elikadura ohiturak hobetzeko tresnak emango dituzte. Derrigorrezkoa da teoriara eta praktikara joatea.
  • Tokiko eta sasoiko barazkiei buruzko lantegia: Tokiko eta sasoiko barazkiei buruzko lantegi monografiko honek lau saio ditu. Dietetika eta nutrizio arloko aditu batek gure inguruan ditugun barazkiez hitz egingo du eta haien propietateak, ezaugarriak eta abar azalduko dizkigu. Sukaldaritzako profesional batek errezeta alternatiboak egingo ditu barazkiekin. Hori dena, gure egunerokoan prestatu ahal izango ditugun barazki-errezeta berri, erakargarri eta zaporetsuak egiten ikasteko.
  • Ikasi gosari, hamaiketako eta askari osasungarri berriak egiten: Herritar guztiei zuzendutako bi saioko lantegia. Dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzan aditu batek, aldi berean, otordu horiek osasungarriak izateko behar dituzten ezaugarriak azalduko dituzte, eta era askotako errezeta erakargarri eta zaporetsuak prestatuko dituzte, eguneroko bizitzan berritu ahal izateko.
  • Berezia, glutenik gabe: Inguruan zeliakoak dituzten herritarrentzat pentsatutako lantegia. Sukaldaritzako zein dietetika eta nutrizioko profesionalen laguntza izango da. Glutenik gabeko elikaduran kontuan hartu beharrekoak azalduko dituzte eta errezeta orekatuak, erakargarriak eta zaporetsuak prestatuko dira 4 saiotan.  Glutenik gabe elikatzeak dituen arriskuak ere azalduko dira.
  • Clean baking; gozogintza osasungarria: Lantegian postre osasungarriak egiteko printzipioak eta ezaugarriak azalduko dira, dietetika eta nutrizioko eta sukaldaritzako profesionalen laguntzaz. Gainera, errezeta zoragarriak prestatuko dituzte.
  • Berezia: Gabon osasungarri eta merkeak Herritar guztiei zuzenduriko Gabon osasungarriei buruzko lantegi berezia. Hiru saiotan zehar, dietetika eta nutrizioko profesional batek aholkuak emango ditu eta sukaldaritzan aditu batek Gabonetako errezetak prestatu eta azalduko ditu.
  • Lekaleei buruzko lantegia: Lekaleei buruzko lau saioko monografikoa. Dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek, aldi berean, elikagai-talde honen barietateen, propietateen, ezaugarrien eta osasunerako dituen onuren berri emango digute eta errezeta alternatiboak, erakargarriak eta gozoak prestatuko dituzte lekaleekin.
  • Artea frutarekin: Saio bateko lantegi honetan, 8 eta 11 urte bitarteko haurrek koadro bat egingo dute frutarekin, sukaldaritzan aditu baten laguntzaz.
  • Smoothieak, irabiatuak eta frutazko beste zenbait edari: Hiru saioko lantegi honetan dietetika eta nutrizioko profesional batek eta sukaldaritzako beste batek fruten ezaugarriak eta propietateak azaldu eta gomendioak emango dituzte, eta smoothieak, irabiatuak eta frutazko beste edari batzuk egiten irakatsiko.

Lantegi hauetaz gain, elikadurari buruzko 11 hitzaldi emango dituzte dietetika eta nutrizio arlok profesionalek hiriko gizarte-etxeetan.

Share

Adinekoentzako zentro soziokulturalek 94 lantegi eta 1.137 leku eskaintzen dituzte udako jardueren programazioan

Osasun parkeetako 200 adinekok haien ariketa-errutinak erakutsi dituzte Mendizorrotzeko futbol-zelaian

Uda iristear da eta adinekoentzako zentro soziokulturalek udako jarduera-programa abian jarriko dute berriz ere; oraingo honetan, 94 ikastaro eta lantegi eskainiko dituzte, eta 1.137 leku egongo dira guztira.

Eskaintza zabal horretan, era guztietako ikastaroak egongo dira, hala nola, kultura lantegiak, TikTok koreografiak, eta ohiko informatika ikastaroak, norberaren zaintzari edo ariketa fisikoari buruzkoak, edo osasun parkeak, besteak beste.

“Adinekoak fisikoki zein mentalki hobeto sentitzea eta harreman berriak hastea nahi dugu; horri esker bere autonomia mantendu edo hobetuko dute, lagunduta sentituko dira eta bakardadeari aurre egin ahal izango diote, bakarrik sentitzen badira”, azaldu du Jon Armentiak, Gizarte Politikak, Adinekoak eta Haurrak Saileko zinegotziak.

Programazioaren % 70 aire zabalean egingo da eta % 30 herritar guztientzako izango da “adina kontuan hartu gabe, oso garrantzitsua baita belaunaldiek kezkak eta jarduerak partekatzeko aukera izatea”, esan du zinegotziak.

Teknologia berriekin lotutako jarduerek ere garrantzi berezia izango dute, esaterako, ordenagailuak eta telefono adimendunak erabiltzen ikasteko ikastaroak, izapideak on line egiten ikastekoak eta abar; eskaeraren % 13 osatzen dute.

Jon Armentiaren esanetan “informatikaren gaia azpimarratzen dugu, informazioaren teknologia berriak gero eta gehiago erabiltzen direlako gure gizartean. Argi geratu da pandemiaren ondorioz bizi dugun gizarte- eta osasun-egoera honetan”.

Ariketa fisikoa Mendizorrotzen

Jon Armentia zinegotziak Mendizorrotzeko futbol-zelaian eman du programazio horren berri; izan ere, 200 adinekok hara eraman dituzte osasun-parkeetan egin ohi dituzten ariketa-errutinak, adinekoen zentroek antolatzen dituzten jardueren adibide gisa, eta Deportivo Alavesen omenez, aurten mendeurrena ospatzen baitu.

“Denboraldi honetan babazorroek osasuna kendu eta eman digute, nahiz eta, azkenean, lehen mailan mantentzearen pozak une txarrak ahantzarazi dizkigun. Taldeari aitortu beharreko gauza da hori, are gehiago 100 urterekin osasun ona duela kontuan hartuta. Beraz, zorionak”, gehitu du Jon Armentiak.

Osasun-parkeetan 60 urtetik gorako pertsonak elkartzen dira, ariketa fisikoa egiteaz gain, harreman sozialak ere indartzeko. Erabiltzaileak nahi dutenean joan daitezke parkeetara edo entrenatzailea dagoen ordutegian, aparatuak erabiltzen eta ariketa-errutinak egiten ikasi nahi badute. Saio horiek doakoak dira.

Urte batzuetatik hona, nabarmen igo da parke horien erabiltzaile kopura eta egun 600 baino gehiago dira.  Pandemia egoeran adinekoek jarduera segurutzat daukate aire zabalean egiten delako. Gainera, erabiltzaile askorentzat mugitzeko, sozializatzeko, eta, azken batean, bizi-kalitatea hobetzeko aukera bikaina dira.

Gasteizek 12 osasun-parke ditu, eta joan den astean Maider Etxebarria alkateordeak iragarri bezala, legegintzaldi honetan beste bi jarriko dira, Sansomendin eta Txagorritxun. Aparteko inbertsio planaren barruan izango da, zeina 2020ko aurrekontuaren likidazio positiboarekin gauzatu ahal izango baita.

Izen-emateak

Adinekoentzako zentro soziokulturaletako udako ikastaro eta lantegietan izena emateko epea maiatzaren 20an hasiko da. Ekainaren 2ra arte, interesdunek 1.137 lekuetako bat betetzeko aukera izango dute, eta izena ematen den hurrenkeran esleituko dira.

Horretarako, adinekoentzako zentro soziokulturaletara, gizarte-etxe eta kiroldegietako informazio zerbitzuetara eta herritarrei laguntzeko bulegoetara jo beharko dute. Udalaren webgunean eta 010 telefonoan ere erregistratu ahal izango dira.

Ekainaren 5ean, bete gabe geratu diren plazetan izena emateko epea zabalduko da.

Programazio guztia COVID-19ari aurre egiteko babes neurriak errespetatuz egingo da eta nahitaezkoa izango da maskara erabiltzea.

Share