Prentsa Oharren banner

Europa jauregiak ‘Fokuan. Hiltzen duten merkatu globalak’ jardunaldiak hartuko ditu urriaren 25etik 28ra bitartean

  • Andre Maria Zuriaren plazan Judith Prat prentsa-argazkilariaren erakusketa jarriko da ikusgai azaroaren 8ra arte
  • Adituek arma-salerosketekin edo baliabide naturalen esplotazioarekin zerikusia duten nazioarteko zenbait gatazkari buruz hausnartuko dute

Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak —Gizarte Politiken Sailaren barruko zerbitzua da, zeina Jon Armentia zinegotziak gidatzen baitu— Fokuan jardunaldi monografikoen bigarren edizioa antolatu du. Aurten, arma-salerosketekin edo baliabide naturalen esplotazioarekin zerikusia duten nazioarteko zenbait gatazka aztertuko dituzte, baita pertsona zaurgarrienengan duten eragina ere.

‘Fokuan. Hiltzen duten merkatu globalak’ jardunaldiekin batera, erakusketa bat jarriko da ikusgai Andre Maria Zuriaren plazan, urriaren 25etik azaroaren 8ra arte. Horretaz gain, film bat proiektatuko da Florida zinema-aretoetan, eta hiru hitzaldi izango dira Europa biltzar-jauregian, urriaren 25etik 28ra bitartean.

Garapen-bidean dauden herrialdeetan garapenerako gobernuz kanpoko erakunde lokalen proiektuetan lagundu eta horiek finantzatzetik harago, Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren zereginetako bat horixe da: gasteiztarrek elkartasuna erakuts dezaten lan egitea, giza eskubideekin sentsibilizatuta egon daitezen. Arma-salerosketak eta baliabide naturalen esplotazioak eragindako gatazken ondorioak sufritzen dituzten pertsonek hemen ere aurpegia jar diezaiegun merezi dute, eta haien egoeraz gogoeta sakona egin dezagun, irtenbideak bilatzearren“, azaldu du Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak.

Lehen hitzaldia Judith Prat prentsa-argazkilariak emango du, urriaren 25eko 19:30ean. Zuzenbidean lizentziaduna eta giza eskubideen arloan aditua den horrek ondu du ‘Salerosketa joan-etorrian: merkatuak hiltzaile’ erakusketa, zeina Andre Maria Zuriaren plazan jarriko baita ikusgai. Pratek hainbat herrialdetako egoera islatzen du bere irudietan: Estatu Batuetan lan egiten duten jornalari mexikarren lan- eta bizi-baldintzak, Kongoko Errepublika Demokratikoko koltan-meategien ustiaketak sorraratzen dituen gatazkak, eta nazioarteko arma-salerosketak Yemengo gerrarekin duen harremana. Europa biltzar-jauregian emango duen hitzaldian, gatazka horiek jorratuko ditu Pratek, eta populaziorik zaurgarrienengan —emakumeak, adingabeak, egoera prekarioan daudenak— dituzten ondorioak azalduko.

Hurrengo egunean, hilaren 26an, mahai-inguru bat antolatu da. Bertan izango dira Prat bera, migrazioetan espezializatuko prentsa-argazkilari eta Revista 5W aldizkariaren editore grafiko Anna Surynach, eta ekonomista eta Centre Delàs-eko ikerlari Jordi Calvo.  ‘La cara oculta de la globalización’ izenburuaren pean, planeta osoan eragina duten hainbat trafiko, legezkoak eta legez kanpokoak, izango dituzte hizpide, horiek gatazka belikoak, giza eskubideen urraketak, pertsonen salerosketa eta parekotasunik eza sortzen baitute.

Urriaren 27an, arma-salerosketari eta industria militarrari buruz sakon mintzatzeko aukera izango dute bertaratuek, Jordi Calvoren eskutik. “¿Es posible controlar el tráfico de armas?” da hitzaldiaren izenburua. Zikloaren hirugarren eta azken hitzaldia ere 19:30ean hasiko da.

 

Urriaren 28an, ordu berean, Fernando Santiagoren Adú dokumentala proiektatuko da Florida zinema-aretoetan. Sei urteko haur baten istorioa kontatzen du filmak: Kamerundik ihesi doa, arrebarekin batera, bizia salbatu nahirik. Urruti gabe, ingurumenaren arloko aktibista bat, baimenik gabeko ehizaren kontra borrokan. Melillan, hesiaren gainetik igaro nahian ari diren migratzaileak atzera botatzen, poliziak. CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Bárcenak aurkeztuko du istorio gurutzatuen film mamitsua.

 

 

Share

Gurasoen aurkako indarkeria egoerak prebenitu eta garaiz esku hartzeko programa eskaintzen jarraituko du Gizarte Politikak, dagoeneko 55 familia artatu dituen programa

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak gurasoen aurkako indarkeria egoerak prebenitu eta garaiz esku hartzeko programa eskaintzen jarraituko du. Programa 2017an abiarazi zen eta, ordutik hona, 55 familia eta 172 pertsona (gurasoak, nerabeak eta anai-arrebak) artatu dira.

Tokiko Gobernu Batzarrak IPACE kabineteari esleitu dio gaur zerbitzua emateko kontratu berria, 73.100 euroan, eta urtebetean gauzatzeko epearekin.

Azken hamarkadan gero eta handiagoa den arazo bati erantzuteko sortu zen gurasoen aurkako indarkeria egoerak prebenitu eta garaiz esku hartzeko programa. Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzua arduratu zen hori ezartzeaz, seme-alabek gurasoekiko dituzten indarkeria-jokabideak murriztea xede.

Horretarako hainbat esku-hartze mota proposatzen dira: kognitiboa, emozionala eta jokabidezkoa. Saioak egiten dira inplikatutako nerabeekin (12-17 urte bitartekoak), gurasoekin eta familiekin, arlo psikologikoan eta heziketan esku hartuz gatazka bideratzen saiatzeko.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak azaldu duenez, “seme-alabek etxean dituzten portaera arazoak gutxitzen eta desagerrarazten saiatzen gara, etorkizunean indarkeria fisiko edo psiko-emozional larria eragozteko; horretarako, trebetasun eta baliabide psikologikoak sustatzen dira, nerabeak eguneroko egoeretara hobeto egokitu daitezen”.

Gurasoei dagokienez, seme-alabekin autoritatea berreskuratzen eta haien portaera oldarkorrak bideratzen lagunduko dieten trebetasunak eskuratzen laguntzen zaie. Familiekin, berriz, errespetuan eta maitasunean oinarritutako harreman positiboak sustatzen dira.

Share

Gizarte zerbitzuek etxebizitza galtzearekin lotutako egoeretan zeuden 163 familiari lagundu diete urtearen lehen seihilekoan

  • Zaurgarritasunari buruzko 100 txosten egin dituzte epaitegietan etxe-kaleratzeak geldiarazteko

 

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak etxe-kaleratzeek eta etxebizitza galtzeak eragindako 163 familiari lagundu diete aurten.

Udaletxean egindakoa batzordean, Gizarte Gaien zinegotzi Jon Armentiak azaldu du zein izan den udalaren jarduna alor horretan, eta nabarmendu du “saila guztiz inplikatuta” dagoela “egoera horiek prebenitu eta aurre egiteko“. 

2021eko lehen seihilekoan gizarte-zerbitzuek etxegabetzeekin eta bizilekua galtzearekin lotutako 63 egoera antzeman dituzte, eta prestazio ekonomikoak edo ordezko ostatuak eskaini dizkiete familiei.

Zehazki, urteko lehen sei hilabeteetan 13 familiarentzako ostatua ordaindu dute hiriko apartamentu turistikoetan, 23.500 euroko kostuarekin. 13 familia horietatik 8k apartamentuetan bizitzen jarraitzen dute.

Gizarte zerbitzuek antzemandako 63 egoera horietaz gain, epaitegiek 100 etxegabetze jakinarazi dituzte, eta Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak zaurgarritasunari buruzko beste horrenbeste txosten egin ditu, kaleratzeak eteteko.

 

Prestazioak eta errekurtsoak

Gizarte-zerbitzuek zenbait baliabide jartzen dituzte etxebizitza galtzen duten edo beste zaurgarritasun-egoera batzuetan dauden familien eskura, batetik, tutoretzapeko etxebizitzen programa —21 etxebizitza dira, eta 2020an 136 pertsonari eman zitzaien ostatu— eta bestetik harrera-etxebizitzen programa —9 etxebizitza eta 40 pertsona—.

21 Zabalgunearekin batera ari gara lanean baliabide horiek handitzeko, zehazki, alokatzeko etxebizitzen programa berrirako 4 etxebizitza egokituz eta beste 4 gizarte larrialdietarako harrera programarako“, azaldu du Jon Armentiak.

Gogoratu beharra dago, orobat, gizarte-zerbitzuek 2 milioi euro kudeatu zituztela iaz familientzako laguntzetan, etxebizitzaren alokairuari aurre egiterik izan zezaten, eta beste 2,3 milioi OHZ, ura, komunitatea etab. ordaintzeko.

Share

Udalak eta Zentzuz sareak Gasteizko zaintzaileei eta etxeko langileei buruzko ikerlan bat aurkeztu dute

Cuidadoras Migradas, el Sur de nuestro Norte lana Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren hitzarmen baten emaitza da.

 

Jon Armentia zinegotziak zuzentzen duen Gasteizko Udalaren Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak eta Bidezko Merkataritza eta Kontsumo Arduratsuko Zentzuz Sarearekin batera, Gasteizen bizi eta etzeko langile edo zaintzaile lanetan diharduten 30 emakume migratzaileren lan-baldintzei eta esperientziei buruzko ikerlan bat aurkeztu dute gaur goizean.

Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren laguntza bitarte, 2020an eta 2021ean Zentzuz Sareak ikerketa-ekintza partizipatiboko (IAP) lan bat egin du, Cuidadoras Migradas, el Sur de nuestro Norte izenpean.Lana Covid-19aren pandemiaren bete-betean hasi eta amaitu zen, jatorri desberdin eta anitzeko 30 emakumerekin, zein Gasteizen etxeko lanetan eta jendea zaintzen diharduten. Ikerlanaren xedea globalizazioaren testuinguruan gertatzen diren migrazioen feminizazioa ikusaraztea da, bai eta egiten duten lanarekin lotuta migrazio-prozesuan bizi dituzten arazoak ere.

“Ikerketak protagonistei ahotsa ematen die eta emakume horien historia pertsonalak eta migrazio-prozesuak ikusarazten ditu. Gizarte gisa ulertu behar dugu lan-jarduera horren garrantzia, baita justizia soziala dela ere, lan-baldintza eta soldata bidezkoak eta duinak ematea. Udalaren eta Lankidetza Zerbitzuaren izenean, bereziki eskerrak eman nahi dizkiet parte hartu duten 30 emakume langileei eta Zentzuzi“, adierazi du Jon Armentia Garapenerako Lankidetza zinegotziak.

Lanak kate globalen konplexutasuna  ondorioztatzen du, eta gure gizartean etxeko lanen eta zainketen arloan lan egiten duten emakumeek pairatzen duten eskubide-gabezia uzten du agerian. Horrez gain, ikerlanak zaintzen sistema publiko eta komunitarioari buruz hausnarketa egin beharra ere nabarmentzen du, bai eta zaintzen lana baldintza duin eta justuez jantzi beharra ere. Aldi berean, zaintzen problematikan Ipar eta Hegoaren arteko harreman ez bidezkoetatik aparteko faktoreak ere ageri direla erakusten du testuak.

Ikerlana bihar ezagutaraziko da, ekainaren 22an, Zentzuz sareak herritarrei aurkeztuko baitie Goiuri jauregian egingo den ekitaldi ireki batean. Jardunaldian parte hartuko dute baita Amaia Pérez Orozcok (doktorea Ekonomian, eta XXK kolektiboko aktibista gizarte-mugimenduen eta mugimendu feministen alorrean) eta Yolanda Mamani “Chola Bocona” (Boliviako aktibista, irrati-produktorea eta -esataria, youtuberra eta etxeko langilea).

17:00etatik 20:00ak bitartean izango da aurkezpen-ekitaldia. Sarrera doakoa izango

Share

Hiru urtetik beherakoek tabletak eta mugikorrak erabiltzeari buruzko bi hitzaldi antolatu ditu Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak

 

Hitzaldiak Aldabeko eta Salburuko gizarte-etxeetan izango dira 

Datorren astean, 3 urtetik beherakoek pantailak erabiltzeari buruzko hitzaldiak izango dira Aldabeko eta Salburuko gizarte-etxeetan, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatuta. Horren bitartez familiei lagundu egin nahi zaie, haurtxoek gailu elektronikoekin duten harremanari “modu osasungarrian” aurre egin diezaioten.

Teknologia berriak gizarte osora hedatu dira azken urteetan, eta ia ume guztiek dute eskura. Egoerak kezka sortzen du tablet eta mugikorren erabilera desegokiak haurren bizitzako lehen urteetan izan ditzakeen eragin eta ondorioak direla eta. Ildo horretan, 3 urtetik beherakoek gailu elektronikoak inolaz ere ez erabiltzea gomendatzen dute hainbat ikerketa eta azterlan zientifikok.

“Pantailekiko harremana oso kaltegarria izan daiteke eta mendekotasuna sortu. Horren ondorioz, autokontrol-gaitasunak eskuratu behar dira gailu horien erabilera erregulatzeko. Horrela egin ezean, arreta-defizita, ikasteko zailtasunak edo emozioak erregulatzeko arazoak izateko arriskua dago. Aro digitalean hezteko gai izan behar dugu” ohartarazi du Haurtzaro eta Senitarteko zinegotzi Jon Armentiak.

Gai horiek guztiak izango dira hizpide ekainaren batean (asteartea) Aldabeko gizarte-etxeko ekitaldi-aretoan, eta ekainaren 2an, Salburuko gizarte-etxekoan. Azken hau euskaraz izango da. 17:30ean hasiko dira, eta bertaratzeko aldez aurretik izena eman beharra dago, 010 telefonoan edo udalaren webgunean.

 

Prebentzio-tresnak

2019an, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak bi tresna jarri zituen familien eskura, pantailen erabilera okerrari eta horren ondorioei aurre egiteko.  Batetik, dibulgazio-bideo bat egin zen, eta, bestetik, “Amaita, bideo-jokorik onena zarete” gida argitaratu zen, guraso eta hezitzaileei aholkuak emateko.

Share

Gasteiz Afrikako kulturara hurbilduko da

Maiatzaren 25era arte Afrikaren Astearen IV. edizioa egingo da

 

Gasteizko afrikar komunitateak Afrikaren IV. Astea egingo du maiatzaren 25era arte. Hainbat jarduerari esker, Arabako hiriburuak hirian bizi diren kontinente horretako 11.000 pertsona ingururen kultura hurbiletik ezagutzeko aukera izango du.

Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak aurkeztu ditu ekitaldiak hamabost bat afrikar erakunde biltzen dituen Afrikar Diaspora Euskadin partzuergoko ordezkariekin batera.

Hurrengo asteartera arte hitzaldiak, zinema, erakusketa bat eta emakumeen lantegi bat egingo dira. Amaitzeko, Udalak harrera bat egingo du maiatzaren 25ean, Afrikaren Eguna, Aihotz plazan, eta dantza afrikarrak musika euskaldunarekin uztartuko dituen emankizun bat egongo da.

“Kulturak elkartu nahi ditugu afrikarrak gure hirian integratuta daudela adierazteko. Aste honi esker bere kultura ezagutzeko, aurreiritziak ezabatzeko eta senidetasuna, bizikidetza eta giza eskubideen errespetua bezalako balioak sustatzeko aukera izango dugu”, azaldu du Jon Armentiak.

Azken urteotan, Gasteizko Udalak Garapenerako Lankidetza Zerbitzuaren eta Hezkuntza eta Kultura Sailaren bidez babestu ditu ekitaldi horiek.

+ info: https://bit.ly/2S8cw5q

 

Share

(Estekaz gaurkotua) Gizarte Politiken Sailak familia zaintzaileei laguntzeko programaren arreta handitu du, eta izen berria eman dio: Maiteki

Adinekoen zaintzaileei ez ezik, desgaitasunak edo mendetasun-arriskua dituzten pertsonen zein bestelako beharrak dituztenen zaintzaileei ere lagunduko die

 

Maiteki Programa

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak familia zaintzaileei laguntzeko programaren bidez ematen duen arreta handitu du, 65 urtetik gorako adinekoen zaintzaileei ez ezik beste batzuk zaintzen dituztenei ere lagunduko baitie aurrerantzean: mendetasun-egoeran edo mendetasun-arriskuan daudenak, desgaitasuna dutenak edo zainketa behar duen egoera psikiko edo fisikoren bat dutenak.

Familia zaintzaileen programa adinez nagusi izatera iritsi da, 18 urte bete berri baititu, eta helburu berria eta argia ezartzeko garaia da: familia gehiagorengana heltzea. Jende gehiagori lagundu nahi diogu”, azaldu du Jon Armentia zinegotziak baliabide berria aurkezteko prentsaurrekoan.

Udalaren gizarte-zerbitzuen arduradun politikoak iragarri duenez, zainketa programaren eboluzioak izen berria ere ekarri du: Maiteki.  “Izan ere, halaxe zaintzen dute familiek, maiteki, eta senitarteko bat zaintzeko laguntzaren bila datozenak ere halaxe tratatzen ditugula sentitzea nahi dugu. Badakigu zein gogorra den zaintzaileentzat zaintzen duten pertsonaz ia egun osoan arduratzea. Lan horrek dakartzan ahaleginaz eta higaduraz gain, pertsona horren zaintza norberaren familiaren eta bizitza pertsonalaren aurretik jartzea esan nahi du askotan.”

Maiteki programak pertsona horiei lagundu nahi die, hain zuzen,”zaintza harremana hobetzerik izan dezaten, zaintzeko ahalegina arindu eta zeregin hori partekatu“. Horretarako baliabide hauek eskaintzen ditu:

 

  • Gizarte-langile baten erreferentzia, zainketa-lanetan lagun egiteko.
  • Laguntza psikologikoa, banakoentzat zein familia osoarentzat, hobeto senti daitezen.
  • Etxez etxeko prestakuntza, hobeto zaintzeko eta mugimenduak egiten, komunikatzen eta portaera zailak kudeatzen trebatzeko, besteak beste.
  • Elkarri laguntzeko taldeak eta zaintzaileen bilerak.
  • Bestelako jarduerak: ikasteko eta ondo pasatzeko hitzaldi eta lantegiak.

 

Zaindutako pertsona 65 urte gorakoa bada, atseden zerbitzu bat baliatu dezakete familiek, hau da, asteburuetarako eguneko zentroak eta etxean laguntzeko zerbitzua.

Bestetik, adinekoentzako zentro soziokulturalekiko lankidetzarako bideak ere sendotuko ditu Maitekik, zaintzaileek bertan antolatzen diren ikastaro eta lantegietara lehentasunez sartzerik izan dezaten.

Jon Armentiaren ustez, “okerra da pentsatzea batzuek zaintza behar dutela eta beste batzuek zaintzeaz arduratu behar dutela. Zaintza eman egiten da, baina baita jaso ere. Zaintzen duenari lagunduz haren bizi-kalitate eta ongizatea hobetzen ditugu, baita zaindutakoaren bizi-kalitate eta ongizatea ere”. 

MAITEKI programaz baliatzeko nahikoa izango da 945 16 13 56 telefono-zenbakira deitzea. Oinarrizko gizarte zerbitzuetan, herritarrei laguntzeko bulegoetan edo 010 zerbitzuan ere eska daiteke.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak zabalkunde-kanpaina bat jarriko du abian baliabidearen berrikuntzak ezagutarazteko; horretarako, informazio-orriak banatuko dira, eta iragarkiak jarriko komunikabideetan, hiri autobusetan, udalaren webgunean, udalaren informazio-pantailetan, etab.

 

Aurrekariak

Familia zaintzaileei laguntzeko programa da Maitekiren aurrekaria. 2002an sortu zen, 65 urtetik gorako pertsonak zaintzen dituzten familiei laguntzearren, familiartean zaintzen jarraitzeko eta ahalik eta baldintza onenetan zaintzeko aukera izan dezaten.

Iaz 500 familiari eman zien arreta programak.

Share

‘Fokuan. Aterpea Mediterraneoan’ jardunaldiak izango dira Gasteizen, urriaren 26tik 28ra bitartean

 

  • Hitzaldi ziklo bat eta argazki-erakusketa bat, gatazken eta Europaren migrazio-politiken inguruan gogoeta egiteko
  • Europa biltzar-jauregian izango dira hitzaldiak; erakusketa, berriz, Andre Maria Zuriaren plazan, azaroaren 8ra arte

 

Jardunaldi monografikoak antolatuko ditu Jon Armentia zinegotzia buru duen Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Saileko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak datorren asterako, ‘Fokuan. Aterpea Mediterraneoan’ izenburuarekin, Mediterraneoaren eremuko migrazioen gaia hainbat alde eta ikuspegitatik jorratzeko asmoz.

Erakusketa bat instalatuko da gaur arratsaldean Andre Maria Zuriaren plazan —azaroaren 8ra arte ikusi ahal izango da—, eta, horrez gain, proiekzio bat eta hiru hitzaldi izango dira Europa biltzar-jauregian, urriaren 26tik 28ra bitartean. Europaren migrazio- eta humanitate-politiken inguruan eztabaidatu eta gogoeta egiteko foroa izan nahi du zikloak, eta politika horien ondorioak jasaten dituztenei aurpegia jartzeko baliatu nahi da.

“Garapen-bidean dauden herrialdeetan garapenerako gobernuz kanpoko erakunde lokalen proiektuetan lagundu eta horiek finantzatzetik harago, Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren zereginetako bat horixe da: gasteiztarrek elkartasuna erakuts dezaten lan egitea, giza eskubideekin sentsibilizatuta egon daitezen. Gatazka armatuetatik nahiz ingurumen- edo giza-hondamendietatik ihesi Europara etortzen eta bertan bizi eta babeslekua bilatzen ahalegintzen direnek merezi dute hemen ere aurpegi bat jar diezaiegun, eta jasaten ari diren egoeraren inguruan gogoeta egin dezagun, konponbide bila”, nabarmendu du Gizarte Politiken zinegotzi Jon Armentiak, prentsaurrekoan.

Lehenengo hitzaldia urriaren 26an izango da, 19:30ean, eta Carole Alfarah prentsa-argazkilaria —‘Gerraren gerizpean’ erakusketaren egilea— izango da hizlari. Siriako gerraren ondorioak erakutsiko ditu Alfarahek Europa biltzar-jauregian, esperientzia pertsonalean oinarrituta, berak egindako erreportajeak baliatuz. Bereziki, Sirian jarraitzen dutenen —errefuxiatu-esparruetan bizi diren horien— egoera lazgarria, eta Europako gizarteetan integratzeko ahaleginean dihardutenena.

Hurrengo egunean, urriaren 27an, ordu berean, Jesús Núñez Villaverde ekonomista eta militar erretiratua izango da hizlari —Instituto de Estudios sobre Conflictos y Acción Humanitaria (IECAH) erakundeko zuzendaritza-kidea—, zeinek Europar Batasunaren Mediterraneoko migrazio-politika eta tragedia humanitario horren azken orduko gorabeherak aztertuko baititu.

Azkenik, urriaren 28an, Nicolás Castellanoren hitzaldia izango da —Ser irratiko kazetaria, migrazioei, lankidetzari eta garapenari buruzko edukietan espezializatua—. Hartzen dituzten herrialdeetan migratzaile eta errefuxiatuek bizi dituzten diskriminazio-egoerak izango ditu hizpide, eta hedabideek fenomeno horren inguruko iritzi publikoa eratzeko orduan duten zeregin erabakigarria. Zikloko hirugarren eta azken hitzaldi hori 20:00etan hasiko da. Aldez aurretik, 18:00etan, Europa Biltzar Jauregian bertan, Fernando Santiagoren El Naufragio. 30 años de memoria sumergida (2018) dokumentalaren proiekzioa izango da.

ERREFUXIATU liburuxka EUS 20

Share

Alkateak eta Garapenerako Lankidetzako zinegotziak harrera egin diote Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkari berriari

  • Duela gutxi izendatu dute M. Limam Mohamed Ali ordezkari; harekin batera, ordezkari ondokoa eta SEADen Lagunen Elkartearen lehendakaria izan dira ekitaldian.

Alkate Gorka Urtaranek eta Garapenerako Lankidetzako zinegotzi Jon Armentiak harrera egin diote Euskadiko Frente Polisarioaren ordezkari berriari, M. Limam Mohamed Aliri, Gasteizko udaletxean. Duela gutxi izendatu dute M. Limam Mohamed Ali ordezkari; harekin batera, Frentearen ordezkari ondoko Brahim Abdelfatah eta SEADen Lagunen Elkartearen lehendakari Lourdes Ruiz de Galarreta izan dira ekitaldian. Ordezkari berriari ongietorria emateaz gain, Tindufeko errefuxiatu-kanpamenduetako oraingo egoera eta saharar biztanleen egoera oro har izan dituzte hizpide.

Share

Udalak 70.000 euro jarriko ditu merkataritza bidezko eta arduratsua sustatzeko

  • Udaleko Lankidetza Zerbitzuak hitzarmen bat sinatu du Setem-Hego Haizea, Medicus Mundi Araba eta Euskal Elizbarrutietako Misioak (Bide Bidean) GGKEekin.

Gasteizko Udalak hirian merkataritza bidezko eta arduratsua sustatzeko programa bat jarri du abian Garapenean Laguntzeko Zerbitzuaren bitartez. Setem-Hego Haizea, Medicus Mundi Araba eta Euskal Elizbarrutietako Misioak (Bide Bidean) GGKEekin sinatutako hitzarmenaren barruan, Udalak 70.000 euro jarriko ditu zenbait ekintza bultzatzeko: tokiko kontsumoko aukerak ezagutarazteko ibilbideak auzoetan, eta informazio jarduera ugari gizarte etxeetan eta adinekoentzako zentro soziokulturaletan, hemengo kontsumo-ohiturek herrialde pobretuenetan duten eraginaren berri emateko.

Orobat, EHUko Azoka Agroekologikoan parte hartzea jasotzen du programak, bidezko merkataritza ikusarazteko, baita Ekonomia Eraldatzaileen Munduko Foro Sozialean (Bartzelona) parte hartzea ere, Gasteizen kontsumo arduratsuarekin garatutako esperientzia arrakastatsuak ezagutarazteko.

Merkataritza bidezko eta arduratsuaren aldeko apustu publikoa ezinbestekoa da erakunde gisa geure egin ditugun Garapen Iraunkorreko Helburuak lortzeko. Horregatik, Garapenean Laguntzeko Zerbitzutik ahaleginak egin ditugu proiektuak integratzeko eta lan-ildo hori indartzeko, alorrean eskarmentu handiena duten tokiko antolakundeekin batera. Gainera, krisi eta eraldaketa garaian gaudelarik, inoiz baino beharrezkoagoa da giza eskubideak aldeztea“, argudiatu du Gizarte Politiken eta Garapenerako Lankidetzaren zinegotzi Jon Armentiak. Hitzarmenaren aurkezpenean Medicus Mundiko Gizartea Eraldatzeko Hezkuntzako eta Komunikazioko teknikari Itsaso Sánchezek lagundu dio, GGKEen sarea ordezkatuz.

Sinatzen denetik 2021eko martxoaren 31ra arte iraungo du plan operatiboak. Programa indartu horren bidez, hiriak berretsi egiten du beste urte batez pobrezia eta desparekotasunen aurka borrokan diharduen nazioarteko mugimenduarekin duen konpromisoa; mugimenduak merkataritza eredu alternatibo baten alde egiten du, printzipio hauetan oinarrituta: lan-baldintza duinak eta emakumeen eta gizonen arteko soldata-berdintasuna bermatzea, haurren esplotazioa baztertzea eta ingurumena babestea natur ingurunea babesten duten teknika eta prozeduraren bidezko ekoizpena tarteko. Mugimendu horrek, azken batean, Nazio Batuen Erakundeak onartu zituen eta 2030erako bete beharko liratekeen Mundu Helburuak (Garapen Iraunkorreko Helburuak) lortzeko bidean lagundu nahi du.

Share