Prentsa Oharren banner

Seme-alaben babesgabetasuna eragiten duten bikote-haustura gatazkatsuak prebenitzeko gida argitaratu du Gizarte Politikak

“Banantze- edo dibortzio-egoeran dauden gurasoentzako gida. Nola jokatu seme-alabekin” gida argitaratu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak. “Haur eta nerabeen babesgabetasuna sor dezaketen haustura gatazkatsuak prebenitzen laguntzea du xede” adierazi du Jon Armentia zinegotziak udalean egindako aurkezpenean.

2017ko Gasteizko haur eta nerabeen egoerari buruzko ikerketa-diagnostikoan jasotakoaren arabera, gero eta gehiago dira  adingabeko seme-alabak dituzten bikote-hausturak, eta banaketak gatazka-faktore garrantzitsuak izaten dira. Eskuragarri dauden azken datuen arabera, hausturen % 56a adingabeak dituzten familietan gertatzen da.

Egoera horren aurrean gida hau egitea planteatu genuen. 2006en egindako lan bat du abiapuntu, eta familientzako lagungarri izateaz gain, haur eta nerabeekin diharduten aditu eta gizarte eragileei ere zuzentzen zaie” adierazi du Armentiak.

35 orrialdeko gida honek haustura guztietan egon beharrezko “urrezko hiru arauak” ditu abiapuntu:

  • Seme-alabak ez dira dibortziatzen.
  • Seme-alabek aitaren eta amaren beharra dute eta, beraz, ez dira gatazkaren erdian jarri behar.
  • Anai-arrebek elkarrekin bizitzeko eta hazteko eskubidea dute.

Arau horietatik abiatuta, hainbat aholku ematen dira “urrats zail hori emateko, eta seme-alabei laguntzeaz gain, bikoteari ere babesa emateko”.

Ildo horretan, seme-alabei banaketaren berri noiz eta nola eman aholkatzen du, eta erreakzioei adi egotea. Hainbat alerta daude, esaterako, gogo-aldarte baxua, portaera suminkorra, osasun-arazoak, eskola-arazoak…. Horiek profesionalen beharra dutela adierazten dute.

Banantze- edo dibortzio-egoeran dauden gurasoentzako gidan jasotzen denez, “bikotea hautsita ere, seme-alaben eskubidea da guraso-figurekin harremanetan jarraitzea; baita gurasoen eskubide eta beharra ere”. Era berean, aitona-amonekin ere harremanetan jarraitzeko eskubidea dute, gurasoen harremana amaitu bada ere.

Orobat aztertzen dira banaketaren aurren haur eta nerabeen egokitzapen psikologikoan eragiten duten faktoreak, eta bikote berrien zeregina, izan ere, “kide guztien aldetik ahalegina egitea eskatzen baita”  adierazi du Jon Armentiak. “Familia berreraikiek beste familien antzeko beharrak dituzte. Hori bai, egitura konplexuagoa dute eta berezitasun batzuk dituzte. Hori dela eta, zailtasunak izan ditzakete, eta horiek prebenitu eta, egoerak hala eskatuz gero, aurre egin behar zaie”.

Gida webgunean dago eskuragarri jende ororentzat eta udal baliabideetako profesionalentzat.

Laguntzeko baliabideak eskaintzea.

Familiei laguntzeko baliabide horretaz gain, udaleko gizarte-zerbitzuek balorazioa eta laguntza eskaintzen dute zailtasun erantsiak dituzten banantzeetan: arazo ekonomikoak, etxebizitza-arazoak, genero-indarkeria, seme-alabak bikotekide ohiarekin dituzten harremanetako gatazkak, etab.

​Bestetik, “Egokitzen” programa garatzen du – banaketa eta dibortzio gatazkatsuetarako gurasokidetasun`positibokoa; banaketan edo banaketaren ostean, semeak edo alabak gurasoen arteko arazo-egoeretan sartuta dauden familiei zuzenduta dago.

Programa horrek trebetasunak eskuratzen eta ingurune seguru bat sortzen lagunduko die familiei, seme-alabei familia-errealitate berrira egokitzen eta era osasungarrian hazten lagunduko diena.

GIDA

Share

BIZAN sareko zentroek Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatu dute

Adinekoen Nazioarteko Eguna ospatu dute gaur Bizan sareko erabiltzaileek, Andre Maria Zuriaren plazan egindako hainbat jarduera tarteko. Horien artean nabarmentzekoak dira “Jar ezazu adineko bat zure bizitzan” pregoiaren irakurketa, adinekoek gizartearengandik espero dutenaren inguruko eztabaida, aldarrikapen-ibilaldia hiriaren erdialdetik, eta azken adierazpenaren irakurketa.

Gorka Urtaran alkateak eta Gizarte Politiken Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak ongietorria eman diete parte hartzaileei, eta BIZAN sareko zentroetan egiten duten lana eta gizarteari egindako ekarpenak eskertu dizkiete.

Share

2020an emandako 10 milioitik gorako laguntzen % 0,38koa bakarrik izan zen gizarte-laguntzen iruzurra

4.330 familiak eskatu zituzten gizarte-larrialdietarako laguntzak edo udalaren prestazioak.

79 familiari ukatu edo eten egin zitzaizkien laguntzak iruzur egiteagatik.

2020an, 38.998 euroko iruzurra egin zen gizarte-laguntzetan; hau da, Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren udal Sailak urte horretan emandako 10.258.215 euroen % 0,38 bakarrik.

Gizarte baliabideak kudeatu eta kontrolatzeko protokoloaren azken ebaluazioan jasota dago datu hori. Protokolo hori “2015ean idatzi zen, laguntza horien izapidetze eta kudeaketan iruzurrezko edo gehiegizko jokabideak saihestu, detektatu eta zigortzeko, inplikatutako udal sailen arteko jardun koordinatuaren bidez “, gogorarazi du gizarte-zerbitzuetako zinegotzi Jon Armentiak.

Balantze horren arabera, 4.330 familiak eskatu zuen gizarte-larrialdiko laguntza (GLL) edo udal prestazioa. Familia horietako 79ri ukatu edo eten egin zitzaion laguntza iruzur jarduerengatik. Hauek dira iruzur nabarmenenak, besteak beste: datuak ezkutatzea, prestazioa etxebizitza baterako eskatu eta bertan ez bizitzea, edo beharren egoera aldatu izana ez jakinaraztea. Familia horietako 50ek ez zuten prestazio ekonomikorik jaso 2020an, eta gainerakoek jaso zuten laguntzaren bat, jasotzeko eskubidea zutelako, baina hasieran eskatutako kopurua baino gutxiago.

Datu horiek aztertuta, iruzur egoera oso txikia da, familien % 1,8ak bakarrik egiten baitu iruzur. 2019ko ehunekoa ere berbera da, baina laguntzetara bideratutako aurrekontuaren gaineko iruzurraz ari bagara, jaitsi egin da, 2019ko % 0,55etik iazko % 0,38ra.

Armentiak adierazi duenez, “aspalditik ari gara iruzurra etengabe murrizten, eta oso maila baxua du. Oso txikia da. Oso familia gutxik ez ditu baldintzak betetzen, eta, gainera,  udaleko langileen lanari eta sailen eta administrazioen arteko datu-trukeari esker, gero eta arinago antzematen ditugu irregulartasun horiek, eta hartara prestazioak lehenago eten ditzakegu ”.

Ildo horretan, hainbat sail eta erakundek lan egiten du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailarekin, laguntzak kudeatu eta aztertzeko beharrezkoa den informazioa ematen. Horien artean, Gasteizko udaleko hainbat sail eta zerbitzu -Ogasuna, Herritarren Segurtasuna, Errolda, Ekonomia-sustapena ..–, Estatuko Administrazio Orokorra, Eusko Jaurlaritza, Arabako Foru Aldundia, SEPE (Estatuko Enplegurako Zerbitzu Publikoa) edo Erregistratzaileen Elkargoa.

Laguntzen zenbatekoak erreklamatzea

Laguntzak tramitatzeko prozesuan antzemandako iruzurrez gain, badira halakotzat jotzen ez diren arren, behar ez bezala jasotako laguntzak berreskuratzeko udalaren jarduna eskatzen duten beste egoera batzuk ere.

Legeak agindutakoari jarraituz, jasotako laguntzari dagokion gastua justifikatu ez duten familiei erreklamatutako itzulketa-prozesuak dira, edo beste ez-betetze batzuk egin dituzten familiei erreklamatutakoak.

Prozedura hauek borondatezko diru-bilketa bidez abiarazten dira, baina baliteke diru-bilketa betearazleko jardun gisa amaitzea, behar ez bezala jasotako laguntzak itzultzen ez badira. Kasu horretan, bi urtez luzatzen da prozesua.

Epe horiek kontuan hartuta, udalak erreklamatutako laguntzen zenbatekoen datuak 2019 ekitaldiari dagozkio, eta udal-kutxak 481.148 euro berreskuratu zituen.

Share

Udalak 30.000 euro bideratuko ditu baliabide ekonomiko eskasak dituzten pentsiodunen energia-gastua finantzatzeko

Baliabide ekonomiko eskasak dituzten pentsiodunek ohiko etxebizitzan duten energia-gastua finantzatzeko laguntza ekonomikoen urteko bigarren deialdia onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak.

Gastu hauek lagunduko dira diruz: elektrizitatearen, gasaren edo beste erregai batzuen kontsumoari dagozkionak, edo komunitate gastuak, horiek berokuntza barne hartzen badute.

“Laguntza-ildo honekin ahulezia ekonomikoko egoeran dauden pertsona hauei energia-hornidura ez zaiela moztuko laguntzen dugu”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Saileko zinegotzi Jon Armentiak.

Sail horrek 30.000 euro baliatuko ditu xede horretarako, 2021eko uztailaren 1tik abenduaren 31ra bitartean sortutako gastuak ordaintzeko. Laguntzak deialdia ALHAOn argitaratu ondoren eskatu ahalko dira.

Lehen deialdia 2021eko lehen seihilekoari zegokiona izan zen, eta orduko hartan 40 laguntza eman ziren.

 

 

Share

AMAPASEren gurasotasun positiboaren programari lagunduko dio Udalak  

Banandutako gurasoen Arabako elkartearekiko (AMAPASE) lankidetza-hitzarmena onetsi du Tokiko Gobernu Batzarrak, “Gurasotasun positiboa eta dolua” programa garatzeko, 2021ean.

Akordio horri esker, 15.000 euro jasoko ditu elkarteak, krisi egoeran edo dolu prozesuan dauden familiei lehen mailako arreta emateko, gurasotasun positiboan eta doluan laguntzeko talderako eta Gurasotasun positiboaren inguruko VIII. Jardunaldia antolatzeko.

“Programa horren bitartez, banantze- edo dibortzio-prozesuan daudenek arreta espezializatua izatea lortu nahi dugu. Bat-bateko aldaketa ekarri ohi du horrek seme-alaben bizitzara, eta, hortaz, gurasoek beren harremanak moldatu beharra daukate, ahalik eta eraginik txikiena izan dezaten haiengan, eta zaintza eta heziketa egoera berrira egokitzeko”, adierazi du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

 

Share

Adineko boluntarioek ikastaroak emango dituzte BIZAN sarearen jarduera-programazio berriaren barruan; urritik aurrera, 361 lantegi eskainiko dira

Dagoeneko eman daiteke izena, aurrez aurre, 010 telefonoz edo udalaren webgunearen bitartez

BIZAN sareak —lehengo adinekoentzako zentro soziokulturalak— 21-22 denboraldirako prestatu duen jarduera-programa urrian abiaraziko da, 361 ikastaro eta 3.907 leku eskainita. Berritasun nagusia lantegi sortzaileak dira: 60 urte edo gehiago duten boluntarioek emango dituzte, haien ezagutzak gainerako herritarrekin partekatzeko.

Lantegi sortzaileak 10 urtetik gorakoentzat izango dira, lantzen den gaiaren arabera. Esate baterako, gazteenak poesiaren txokora joan ahalko dira, eta 60 urtetik gorakoek, berriz, areto-dantzak ikasi edo literatur solasaldi batean parte hartu ahalko dute. Belaunaldien arteko baratzea, yoga hastapenak eta Veneziako maskaren lantegia ere sartzen dira jarduera multzo horretan. Kasu guztietan, irakasleak 60 urtetik gorako pertsonak izango dira, zeinek beren burua eskaini baitute dituzten ezagutzak partekatzeko.

Orobat, San Martineko BIZANeko adinekoek laguntza akademiko eta emozionala eskainiko diete inguruko ikastetxeetako ikasleei. Koroatzeko eta San Prudentzioko BIZANetan, berriz, Konektatu programa garatuko dute, beste pertsona batzuei aukera emateko teknologia berriak baliatuz maite dituzten pertsonekin online konektatzerik izan dezaten.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak nabarmendu du “lantegiak emateko izena eman duten adinekoen eskuzabaltasuna, edo belaunaldien arteko lantegietan laguntzen dutenena, antolaketan eta garapenean esku hartzen baitute. Horretaz gain, beste adin-talde batzuei balioak helaraztea da benetan garrantzitsuena, haientzat eredugarri baitira. Horrela, haiek ere estereotipoei eta adinkeriazko jarrerei aurre egiten diete, eta pertsona gisa duten gaitasuna eta autonomia agerian jartzen”.

Datorren ikasturtean, BIZAN sareak bi ikastaro multzo eskainiko ditu: batean, izen-ematearen hurrenkeraren arabera banatuko dira lekuak (138 ikastaro); bestean, zozketa bidez esleituko dira lekuak (223 ikastaro), irailaren 3an.

Lantegi sortzaileez gain, zozketarik gabeko ikastaro hauek eskainiko dira:

  • Belaunaldien arteko ikastaroak, zeinetan adinekoen taldeek beren ezagutzak eta bizipenak partekatuko baitituzte beste adin batzuetako pertsonekin: familiarteko dantza, ipuin-kontalariak, ahozko tradizioa, etab.
  • 18 urtetik gorako herritarrei irekitako lantegiak, BIZAN sarearen txartela izan beharrik gabe: sare sozialak, artea kaleetan, cardioswing, podcastak, nutrizioa, etab.
  • Erorketen prebentziorako ikastaroak.
  • Gela irekiak: pintura, zura lantzea, mugikorra erabiltzen ikasi, hiri-baratzea, ingelesa, euskaraz bizi, bideo-edizioa…

Zozketa duten ikastaroen artean gai hauek eskaintzen ditu programazio berriak:

  • Hezkuntza-, eskulangintza- eta teknologia-ikastaroak: poesia, zeramika, sukaldaritza, argazkigintza digitala, euskara, ingelesa, informatika, irratia, etab.
  • Zaintza fisiko, kognitibo eta psikologikoarekin zerikusia duten jarduerak: aerobika, abesbatza, suspertze psikosoziala, emozioen kudeaketa, pilates, antzerkia, euskara 55 urtetik gorakoentzat, etab.

Orobat, 75 urtetik gorakoentzako taldeak antolatuko dira BIZAN sarearen 21-22 ikasturterako eskaintzan, haientzat berariaz pentsatutako jarduerak egin ditzaten. Ahulago dauden pertsonen eskaerei erantzungo diete: gimnastika arina, mugimendu eta ariketa arinak, psikomotrizitatea eta suspertze psikosoziala.

Horiek osagarri, badira adinekoek parte hartu dezaketen beste zerbitzu eta programa batzuk, hala nola Piztu zure auzoa edo hirian banatutako 10 osasun-parkeetan egin daitezkeen ariketa saioak.

 

Izen-emateak

Dagoeneko ireki da izena emateko epea zozketa eskatzen duten lantegi eta ikastaroetarako. 010 telefonoaren bidez, www.vitoria-gasteiz.org/bizan udal webgunean edo aurrez aurre egin daiteke, BIZAN sarearen 16 zentroetako batean zein gizarte etxeetako eta kirol instalazioetako herritarrei laguntzeko bulegoetan. Azken kasu horretan, hitzordua eskatu behar da.

Zozketarik behar ez duten jarduerei dagokienez, irailaren 2an hasiko da izena emateko epea.

 

Share

Gizarte Politikak trizikloan paseatzeko programa bat antolatu du adinekoentzat, haien bizi-kalitatea hobetzeko eta belaunaldien arteko harremanak sustatzeko

Hamabost boluntario arduratuko dira trizikloak gidatzeaz

2012an Danimarkan sortutako “Biziz adinik ez” nazioarteko mugimenduaren baitako ekimena da.

Datorren astetik aurrera, etxebizitza komunitarioetan bizi direnek eta udalaren Eguneko Arreta Zerbitzukoek aukera izango dute mugitzeko dituzten zailtasunengatik aspaldian ikusi gabeko –eta agian ahaztutako– lekuak bisitatzeko eta berriz ezagutzeko.

Trizikloen gainean egingo dituzte bisita horiek Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak abian jarriko duen “Biziz adinik ez” programari esker, eta trizikloak gidatuko dituzten 15 boluntariorekin lankidetzan.

Ekimena duela 9 urte Danimarkan sortutako nazioarteko “Cycling Without Age” ekimenaren parte da, eta adinekoak berriz ere bizikletaz ibil zitezela zuen xede. Haietako askoren mugikortasun mugatuak sortzen zuen zailtasuna gainditzeko, sustatzaileak trizikloak erabiltzen hasi ziren eta boluntarioek gidatzen zituzten egoitzetako adinekoekin doako ibilaldiak egiteko.

Jon Armentia zinegotziak adierazi duen bezala, “boluntarioen eskuzabaltasun handiari zor zaion ideia” hori munduan zehar hedatu zen eta orain Gasteizera iritsi da.

Arabako hiriburuak bat egiten du esperientzia honekin; adinekoak paseatzera ateratzeaz gain, belaunaldien arteko lotura sortu nahi du triziklo-gidarien bitartez. “Trizikloa elkarrizketak eta esperientziak partekatzeko topagunea ere izatea nahi dugu”. Paseo bakoitza gogoratzeko, berrezagutzeko, elkar ezagutzeko eta hitz egiteko aukera izatea. Konfiantza, zoriontasuna eta bizi-kalitatea sortzen laguntzen duten harremanak eraikitzeko aukera” azaldu du Armentiak.

Programan erabiliko diren trizikloak elektrikoak izango dira, pedalei eragiteko laguntza izango dute eta bi bidaiarirentzat lekua, gidariaz gain. Orduko 8 kilometroko abiaduran ibiliko dira, gutxi gorabehera, izan ere zinegotziak azpimarratu duenez “ kontua ez da korrika egitea, ibilbideaz eta konpainiaz gozatzea baizik. Hori da filosofia”.

Ordu eta ordu eta erdi inguruko ibilaldiak izango dira. Aldez aurretik ezarri eta udaltzainekin adostutako hainbat ibilbide daude; izan ere ibilgailuak, behar bezala aseguratuta, baimenduta duten guneetatik ibiliko dira.

Hiru gurpilen gainean, bidaiariak eta laguntzaileak Arriagako, Olarizuko eta Floridako parkeetara, hiriaren erdialdera, Lakuako galeoi pirataren parkera eta beste hainbat lekutara joan ahalko dira, abiapuntuaren arabera.

Prestakuntza jaso duten 15 boluntariok gidatuko dituzte trizikloak, eta beste 60 boluntario daude Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak sortutako zerrendan, izan daitezkeen hutsegiteak estaltzeko eta programak ondo funtziona dezan.

Adinekoentzako 7 baliabidetan erabilgarri

Trizikloan egiten diren ibilaldi hauek bizi-kalitatea hobetu nahi diete Aurora, Los Molinos eta San Prudentzio  etxebizitza komunitarioetan bizi direnei eta Olarizu, Blas de Otero,, Tomas Zumarraga Dohatsua eta San Prudentzio eguneko arreta zerbitzuen erabiltzaileei.

Udal zerbitzu horietako bakoitzak irteera-ordu eta -egun zehatzak izango dituenez, erabiltzaileek aldez aurretik programatu ahalko dute ibilaldia. Horretarako, aldez aurretik izena eman behar dute, eta ordu eta egun horretan boluntario batek trizikloan eramango diu paseatzera, eta “haizea ilean sentitu” eta esperientziaz gozatu ahalko dezaten.

“Gasteizen, halaber, adinekoek haizea ilean sentitzeko, aktiboki zahartzeko, harreman berriak hasteko, eta triziklo-gidariren jarrera solidarioaz gozatzeko duten eskubidea defendatzen dugu. Bere ohiko ingurunetik irten ahal izatea eta segur aski ahaztuta dituzten lekuak berrezagutzeko aukera izatea defendatzen dugu, emozioak eta zoriontasun ikaragarria piztuko baitie. Ziur gaude ibilaldi hauek arrakasta handia  eta oso emaitza onak izango dituztela” adierazi du Jon Armentiak.

“Biziz adinik ez” programak City Changer Cargo Bike (CCCB) europar proiektuaren 5.700 euroko finantzaketa du. Proiektu honek zama-bizikleten erabilera publikoa, pribatua eta komertziala sustatzen du, eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak proiektuan parte hartzen du. Europako laguntza hori Ingurugiro Gaietarako Ikastegiari esker lortu ahal izan da.

Share

Gizarte Politiken Sailak MIKASA programa jarriko du abian, familiei dituzten baliabide ekonomikoak kudeatzen irakasteko eta etxebizitza gal dezaten eragozteko

Arrisku-faktoreak antzematen dituen bizikidetza-unitateekin esku hartuko du.

Elkarrekin taldearekin lotutako aurrekontu-akordioaren barruko proiektua da.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak programa bat jarriko du abian irailean, familiei dituzten baliabide ekonomikoak kudeatzen irakatsiko diena, beren oinarrizko premiei erantzun diezaieten eta etxebizitza gal ez dezaten.

Gaur aurkeztu dute MIKASA izeneko proiektu berria Gizarte Gaien arloko zinegotzi Jon Armentiak eta Elkarrekin-eko zinegotzi Gema Zubiaurrek, udaletxean; aipatutako udal taldeak proposatu zuen aurrekontu-proiektuan programa hori sartzea.

MIKASA programaren helburua da baliabideen kudeaketa txar batek ekar dezakeen bizitegi-bazterketa prebenitzea, pertsonek edo familiek diru-sarrera txikiak dituztenean edo baliabide ekonomiko aski izan arren horiek oker erabiltzen dituztenean.

“Etxebizitzarik ez izateak estresa, ziurgabetasuna eta babesgabetasun-egoerak sortzen ditu familiengan. Hori dela eta, beharrezkoa da familiaren ekonomia ongi kudeatzea, oinarrizko premien estaldura bermatzearren“, azaldu du Armentiak.

Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotziak zehaztu duenez, “bi prebentzio-maila izango dira: bata, arrisku-egoeran dauden familientzat, alarma pizten duten egoerak antzeman direnean, esaterako, aurrekontuaren % 50etik gora etxebizitza ordaintzeko erabiltzea edo oinarrizko zerbitzuen ordainketan zorrak izatea; bigarrena, kudeaketa ekonomiko eskas baten ondorioz etxea utzarazteko jakinarazpena jaso duten edo aurretik etxebizitza galdu zuten bizikidetza-unitateentzat”.

Horrelakoetan, udalaren gizarte-zerbitzuek gizarte-integratzaile baten laguntza eskainiko diete familiei, zeinak aurrekontua egoki administratzeko behar diren gaitasunak irakatsiko baitizkie.

MIKASA programaren bidez, ikasiko dute

  • Familia-aurrekontua lantzen eta doitzen.
  • Oinarrizko erosketak egiteko prezioak alderatzen.
  • Telefono- eta aseguru-konpainien eta abarren prezioak alderatzen.
  • Etxebizitzaren bilaketa aktiboan jarduten, baldintza ekonomiko onenak aurkitzeko.
  • Mailegu pertsonalen sistema ezagutzen.
  • Familiaren gastua kontrolatzeko doako aplikazio mugikor bat erabiltzen.

Familientzako prestakuntzak menuak lantzea ere hartuko du barne, “haien elikaduran eragin positiboa izan dezan“.

Elkarrekin taldeko zinegotzi Gema Zubiaurreren iritziz, “baliabide ekonomikoen kudeaketa okerrak eragindako ahultasun-egoerak eta etxea galtzeko arriskua goiz antzematea oinarrizkoa da etxe-kaleratzeak prebenitzeko. Elkarrekin-ek bultzatu duen jarduera-ildo hori udal gobernuarekin aurrekontu-akordioaren barruan adostu genituen beste batzuei gehitzen zaie, Gasteizen bizi diren pertsona guztien bizi-kalitate duina bermatzearren. Azpimarratu beharra dugu etxebizitza duina eta egokia izatea legeak aitortutako eskubide subjektiboa dela, eta administraziook hori bermatzeko betebeharra dugula“.

Familiekiko esku-hartzea banakakoa izango da batez ere, helduei zuzendua eta lau hilabetez gehienez, baina taldekako jarduerak ere antolatuko dira.

Esaterako, Kontsumobidek 6-15 pertsonarentzako bi prestakuntza saio eskainiko ditu, erosketa-saskiari eta etxeko ekonomiari buruz, eta Goienerrek energia-hornikuntzaren fakturak aztertzen irakatsiko du taldeka.

MIKASA programa garatzeko aurrekontua 100.000 euro da.

Share

Haur eta nerabeek parte hartzeko Aktibat(tu) programak udalean izandako harrera-ekitaldiarekin eman dio amaiera ikasturteari

Gorka Urtaran alkateak, haurtzaroko zinegotzi Jon Armentiak eta gainerako taldeetako ordezkariek Salburuko gizarte-etxean gaur goizean egindako harrera-ekitaldiak eman dio amaiera haur eta nerabeentzako partaidetza-programari.

Hiriko 18 ikastetxetako 2.000 ikasletik gora aritu dira 2020-2021 ikasturtean Aktiba(tu) programan. Ikasleek txikitatik parte hartzea bultzatzen du programa horrek, hiru helbururekin: haur eta nerabeen eskubideak ikusaraztea, haurrek beren eskubideen defentsaz jabetzea, eta udal bizitzan parte hartzea ekarpen eta erabakiak tarteko.

Salburuko gizarte-etxeko ekitaldi-aretoko harrerara hiru ikastetxetako irakasle eta ikasleak bertaratu dira, Aktiba(tu) programan parte hartu duten ikastetxeen ordezkari gisa.

 

Share

Gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programak online jardunaldi bat egingo du profesionalekin eta artatutako familiekin

2017an jarri zuen abian Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak

Urtero familia askok jasotzen dute Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren Sailak orain dela 4 urte abian jarri zuen gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programaren laguntza.

Batez ere, indarkeria psikoemozionalari hasierako fasean aurre egiteko sortu zen. Horretarako, nerabeekin, gurasoekin eta familiarekin saioak egiten ditu, hezkuntza- eta psikologia-arloko esku-hartzearen bidez gatazka bideratu ahal izateko.

Maiatzaren 28an, hainbat arlotako profesionalek —psikologia, gizarte lana, hezkuntza, etab.—, udal sailetako teknikariek, eta artatutako familiek Udaleko Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuak antolatutako online jardunaldian parte hartuko dute.

Topaketan programaren eraginkortasuna aztertuko da epe labur eta ertainera, eta esperientziei buruzko mahai bat egongo da, non programan parte hartzen duen familia batek bere lekukotasuna emango baitu.

“Gure esku-hartzeari esker, gurasoen kontrako indarkeria psikologikoa eta fisikoa jaitsi egiten dela egiaztatu dugu, eta familia-harremanen hobetze hori mantendu egiten dela programa amaitu eta hilabete batzuetara. Gurasoek egoera horietan dituzten erantzun agresiboek ere behera egiten dute eta familiako kideen arteko enpatia hobetu egiten da”, azaldu du Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren zinegotzi Jon Armentiak.

Gurasoen aurkako indarkeria-egoeretan garaiz esku hartzeko programak hiru mailatan jarduten du, hainbat helbururekin:

  • Nerabeekin, etxeko portaera arazoak gutxitu edo desagerrarazten saiatzen da, etorkizunean gurasoekiko indarkeria fisiko edo psiko-emozional larria eragoztek; horretarako, trebetasun eta baliabide psikologikoak sustatzen ditu, nerabeak eguneroko egoeretara hobeto egokitu daitezen.
  • Gurasoei begira, seme-alaba nerabeekin autoritatea berreskuratzen eta haien portaera agresiboak gobernatzen lagunduko dieten trebetasunak eskuratzea lantzen du.
  • Familian, harreman positiboak, eta errespetuan eta maitasunean oinarritutako familia-giroa sustatzen ditu, familia barruko kohesioa handiagoa izan dadin.

12 eta 17 urte bitarteko seme-alabak dituzten familiek, gurasoen aurkako indarkeria-egoeran badaude, 647304752 telefonora deitu dezakete informazio gehiago eskatzeko (astelehenetik ostegunera 10:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 19:00etara, eta ostiraletan 9:00etatik 13:00etara).

Share