VGaztea

Gazteriaren Foru Transpirenaikoa

  

Zer da Gazteriaren Foru Traspirenaikoa?

Pirinioetako gazteen arteko elkarrizketarako gune bat da, eta bere helburu nagusia Pirinioetako gazteak harremanetan jartzea da, haien premiei buruz eztabaidatu eta ordezkari politikoei helarazi ahal izateko. Euskadi, Nafarroa, Aragoi, Katalunia, Nouvelle-Aquitaine eta Okzitanieko gazteek osatzen dute, eta Europar Batasuneko Erasmus + programarekin batera finantzatzen da.

Lehen topaketa Biescasen.

Joan den urriaren 2an egin zen Foruaren lehen topaketa Biescasen. Hiru egunez, pirinioaren bi aldeetako gazteek ohikoak dituzten problematiketara bideratu zuten beren lana: lana eta emantzipazioa; kultura, hizkuntzak eta identitatea; turismoa eta mugikortasuna; natura eta iraunkortasuna; eta beste gai sozial batzuk, hala nola feminismoa, arrazakeria eta LGTBIQ+ eskubideak.

60 pertsona inguruk hartu zuten parte, eta horien artean Gasteizko gazteen ordezkaritza zegoen, Gazteria Zerbitzua eta Euskadiko Gazteriaren Kontseiluaren arteko lankidetzari esker.

Eta hemendik aurrera, zer?

Topaketaren amaieran Pirinioetako Gazteen Manifestua egin zen, Pirinioetako gazteen beharrizan komunak eta horiek konpontzeko proposamenak jasotzen dituen dokumentua. Aurrera begira, topaketa Pirinioetako beste leku batzuetan txandaka egitea aurreikusten da.

 

Zorionak parte hartu duzuenoi!

 

 

‘eta… GURE EMANTZIPAZIOA? Hiruburu jardunaldian izena emateko azken egunak

Hiruburu Instagram

Hator politikariekin eta teknikariekin eztabaidatzera gazteentzako etxebizitzari eta kalitatezko enpleguari buruz ‘eta… GURE EMANTZIPAZIOA?’ Hiruburu jardunaldian.

Irailaren 29an bilduko gara Arabako Campuseko Unibertsitate pabiloian, 18:00etan. Ez ahaztu aldez aurretik izena ematea nahitaezkoa dela.

Azken egunak inprimaki honen bidez izena emateko.

Informazio gehiago: www.egk.eus

‘eta… GURE EMANTZIPAZIOA? Hiruburu jardunaldia

Hiruburu

Gasteizko Udalaren Gazteria ZerbitzuakEuskadiko Gazteriaren Kontseiluarekin (EGK-rekin) elkarlanean eta Eusko Jaurlaritzaren eta EHU-ren laguntzarekin, ‘Eta… GURE EMANTZIPAZIOA?’ saioan burutuko den Hiruburu jardunaldia egingo dugu. Non gazteakpolitikariak eta teknikoak solasean egongo garen. Irailaren 29an, gazteon etxebizitzari eta kalitatezko enpleguari buruz hitz egingo dugu. Araba Campuseko Unibertsitate Pabilioian Gasteizen garatuko da 18:00etan. Hiruburu honen helburu nagusia gazteon etxebizitza eta kalitatezko enpleguari buruzko profil ezberdinen iritzi eta esperientziak biltzea da.

Prezioa: Doakoa. Aldez aurretik izena eman behar da.
Modalitatea: Aurrez aurrekoa.
Hizkuntza: Elebiduna.
Eguna: Irailak 29.
Tokia: Araba Campuseko Unibertsitate Pabilioia.
Ordutegia: 18:00etatik 20:00etara (2 ordu).
Izena ematea

Udako ordutegiak udal zerbitzu eta instalazioetan

Udan, hainbat udal zerbitzu, ekipamendu eta bulegoek beren ordutegian aldaketak izango dituzte. Izapideak egitea eta zerbitzuetarako sarbidea errazteko, Gasteizko Udalak orrialde batean bildu ditu ordutegi horiek guztiak. Guk gazteentzako zerbitzuenak nabarmentzen dizkizuegu:

Gazteria

Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa (OMIJ)

Gazteen Argibideetarako Udal Bulegoa itxita egongo da abuztuaren 2tik 6ra, eta udako ordutegia izango du irailaren 7ra arte.

Gazteentzako aholkularitza

Asexoria, Psikoaholkularitza eta Lege aholkularitzaren ordutegiak abuztuan.

Gainontzekoak

Udako ordutegiak gainontzeko udal zerbitzu eta instalazioetan

COVID19ak Udaleko gazteentzako aholkularitza psikologikoan eskaera nabarmen areagotu du

Gazteria Zerbitzuko psikoaholkularitzak ez zuen bere jarduera eten 2020ko konfinamenduan, eta 118 pertsona artatu zituen bideodei bidez.

Kontuan izan behar dugu, egoera ezohikoa eta konplexua bizitzen ari garela, egoera berri batera eraman gaituena, eta horrek geldialdi bat ekarri duela ezagutzen genuen bizitzaren erritmoan, eta eragina izan duela gazteen proiektuetan.

2020ko irailetik “normaltasun” berrira itzultzean, arreta kopuruak gora egin du etengabe. 2021eko lehen seihilekoan, psikoaholkularitzak 516 pertsonari eman die arreta; 2020an, aldiz, 271 pertsonari; eta 2019an, 249ri.

Jasotako kontsulta gehienak harreman-, gizarte-, familia- eta bikote-zailtasunekin, umore-aldaketekin, antsietatearekin, doluarekin eta depresioarekin lotuta daude.

Gazteei kostatzen ari zaie sentitzen ari diren ondoez emozional guztia kudeatzea, eta, horren ondorioz, psikoaholkularitza eskari berri ugari jasotzen ari da.

Psikoaholkularitzari buruzko informazio gehiago nahi baduzu: v-g.eus/PsikoAholkularitza

Txosten berezia: Covid-19ak Gasteizko gazteengan duen eragina (Gazteleraz)

Gazteen Errealitatearen Behatokia funtsezko tresna da errealitate horren ezaguera eguneratua mantentzeko eta ekintzak diseinatu eta egiteko, gazteen benetako beharrei eta nahiei erantzuteko, haiek direlako Gazte Plan honek planteatzen dituen gazteria politiken jasotzaileak.

“Erronka: Gazteak” Gazte Planaren barruan, eta Gasteizko VIII. Enplegu Planarekin lankidetzan, Alazne Sainz Gil de Paules soziologoak azterlan zehatz bat egin du, “Covid-19ak Gasteizko gazteengan duen eragina” izenburupean. Azterlan horretan, gure hiriko covid-19ren krisiak eragindako gazteei lotutako hainbat faktoreren alderdi anitzeko azterketa egiten da.

Txostenaren testu osoa esteka honetan kontsulta daiteke.

Maiatzaren gazte buletina

Boletín joven

Hilabete honetako buletinean honako informazioa aurkituko duzu:

Gazteria Zerbitzua Instagramen dago, “Elkar Zainduaz” komikia, Gazteentzako telelanari buruzko oinarrizko ikastaroa, Tetrapack 2021 erakusketa, Gauekoak: Proiektuen poltsa osatzeko deialdia,…

Kontsulta ezazu online edo harpidetu zaitez eta zure posta elektronikoan hilero jaso!

“Ruta al Exilio 2021” espedizioa: milaka aztarna.

ruta al exilio 2021

Espainiako Gazteriaren Institutuak eta Bartzelonako Unibertsitateko Memorien Europako Behatokiak koordinatzen dute “Ruta al exilio” proiektuaren lehenengo edizioa.

Sentsibilizaziorako beste ekimen batzuen oinordekoa da. Ikasgela ibiltari hau herrialde osoko 16 eta 17 urteko gazteentzat da. Lehenengo ibilbidea uztailaren 15etik 30era egingo da eta parte hartzeko deialdia ekainaren 4ra arte egongo da zabalik.

Maria Teresa Perez: “Diskurtso intoleranteak eta gorrotozkoak berpizten ari diren une honetan gaude, eta inoiz baino hezkuntza gehiago behar da gazteenek jakin dezaten faxismoa eta antifaxismoa ez direla gauza bera”.

Zer da Ruta al Exilio 2021?

“Ruta al Exilio 2021: un millar de huellas” prestakuntza-bidaia bat da, eta hogeita hamar gaztek Espainiako erbestealdi errepublikarreko Pirinioez gaindiko ibilbideak egingo dituzte uztailaren 15etik 30era, Alt Empordàtik Frantziako hego-ekialderaino, gastu guztiak ordainduta. Espedizioa, batez ere, oinez eta autobusez egingo da. Geihago…

Komunikazio teknikari lanposturako deialdia Euskadiko Gazteriaren Kontseiluan

Prozesuan parte hartzeko, CV eta motibazio gutunak apirilak 26ko 12:00ak arte jasoko dituzte egk@egk.eus -en. Lanpostua Bilbon izango da.

Euskadiko Gazteriaren Kontseilutik (EGK) Komunikazio teknikari lanpostua eskaintzen dute. Beren barne eta kanpo komunikazioa, ekosistema digitala (webgunea, buletin digitala eta sare sozialak), eta hedabideekin harremana, besteak beste, kudeatuko dituen pertsonaren bila dabiltza. Lanpostua Bilboko bulegoan izango da, baina lan eremua Euskadi osoan. Zure eguneroko lanean albisteak, prentsa-oharrak, ekitaldi eta prentsaurrekoetarako deialdiak, elkarrizketak eta sare sozialetako argitalpenak kudeatu beharko dituzu. Era berean, gainerako lan-arloekin une oro arituko zara elkarlanean proiektuen zabalpenean eta hauen jarraipenean. Zure Komunikazio lan-arloko proiektuak ere izango dituzu, adibidez, EGKren nortasun korporatiboa berrituz irudi honetan agertzen diren bezalako irudiak aldatuz.

Eskatzen diren ezaugarriak, lanpostuaren baldintzak eta egin beharrekoak, etab. deialdian (PDF) ikus ditzakezu.

Oso garrantzitsua: 30 urte baino gutxiago izan behar dituzu eta euskara zein gaztelaniaz ondo aritu. Lanpostua Bilboko bulegoan izango da.